"Garain euskarak garrantzia du, ez jakitea arraroa da; horregaitik da lagungarria Berbalagunera etortzea"

Anboto 2022ko mai. 25a, 08:52

Barikuetan Garaiko udaletxearen azpiko tabernara doanak hantxe topatuko ditu. Taberna barruan batzuetan. Terrazan beste hainbatetan. Baina beti euskaraz trebatzeko lanetan. Garaiko Berbalagun taldeak iaz ekin zion bere ibilbideari, oharkabean ia-ia, herritar bik euskara ikasteko harturiko determinazioagaitik. Eta hilabete bat joan beste bat etorri, eskubete herritar batu da taldera.

 “Orain pare bat urte hasi zen guztia, modu informal batean. Emazteak eta biok euskara ikasteko erabakia hartu genuen eta Josune Cosgaya herrikideari euskara praktikatzen laguntzeko eskatu genion. Josune gure etxera etortzen hasi zen, eta halantxik hasi genituen mintzapraktikak”, azaldu du Enrique Ojenbarrena garaitarrak. Horixe izan zen taldearen ernamuina. “Gerora, Euskaraldiaren kanpaina bat tarteko, bilera bat egin genuen udalagaz”, zehaztu du Josune Cosgayak. “Eta bertan komentatu genien Berbalagun talde formal bat sortzeko ideia”, gaineratu du. Taldea urrian hasi zen modu ofizialean martxan. Sei-zazpi herritarrek parte hartzen dute eta Ane Lusarreta Durangaldeko Berbalaguneko koordinatzailea aritzen da saioak dinamizatzen.

Hortik aurrerakoak gauza jakinak dira. Astean behin elkartzen dira, barikuetan, 18:30 aldera, tabernan. Hartuko dute kafetxo bat, ardotxo bat ere bai, beharbada. Eta hasiko dira dena delakoari buruz berbetan. Izan daiteke aktualitateari loturiko gairen bati buruz, izan daiteke politika, izan daiteke oraintsu ikusitako film bat, irakurritako liburu bat. Eta zergaitik ez, baita herriko kaleetan zehar bolo-bolo dabilen azken txutxumutxua ere, lerro hauetan aipatzea komeni ez den hori. Kontuak kontu, Ane Lusarreta koordinatzaileak taldeak euskaraz trebatzeko duen gogoa azpimarratu du: "Barikuetako mintzapraktika amaitutzat ematen dudanean, alde egiten dudanean, taldekideak hemen geratzen dira berriketan. Zelan esan,... kafea zena verdejo bihurtzen zaie zelanbait".  "Bai, halantxik da!", gaineratu du Cosgayak. "Gainera, gutariko batzuk, zenbaitetan, Traña-Matienara jaisten gara zerbait afaltzera. Han ere segitzen dugu Berbalagun egiten", dio. "Bai, hori da. Azken finean, badakizu mintzapraktika zein ordutan hasiko den, baina ez noiz amaituko den", zehaztu du Lusarretak umorez. 

Berbalaguneko kideek diote mintzapraktikak ondo datozela euskarazko hanka-sartzeei beldurra galtzeko. Erregiñe Garamendiren kasua, behintzat, hori da: "Garain arraroa da euskara ez jakitea. Ni analfabetoa banintz lez sentizen naiz. Hemen euskarak garrantzia du eta ez jakitea arraroa da. Niretzat oso lagungarria da hona etortzea eta beldurra kentzea", dio. Euskarak euskaldunen izaera hobeto erakusten duela dio Enrique Ojenbarrenak: "Euskaldunak desberdinak dira euskaraz berba egitean. Euskaraz dabiltzanean atseginago eta diren modukoak portatzen dira", dio. 

Eta beharbada hor dago gakoa. Ikasten dabilenarentzat zein aritua denarentzat egoera atsegin bat sortzea.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!