Garaiko alkateak eta zinegotziek ez dute diru-saririk jasoko euren lanagatik

Markel Onaindia 2019ko uzt. 10a, 18:08

Garaiko Udalean legealdi berriko lehen osoko bilkura egin zuten atzo, eta Erramun Osa alkateak (EAJ) batzarrean hartutako erabakien berri eman du gaur prentsaurreko bidez. Jeltzaleek eta Herriko Taldeak aho batez onartutako erabakiak, hain zuzen ere. 

Erramun Osa izango da datozen lau urteetarako alkatea, eta bere lanagatik ez du ordainsaririk jasoko. Hau da, ez du liberaziorik izango. Aurrez, Gontzal Sarrigoitia 12 urtetik 7tan %40ra egon da liberatuta, bere lanagaz uztartzeko asmoz. Osak azaldu du alkate kargua ez duela "sakrifzio edo obligazio" lez ikusten. "Obligazio bat baino, herritarren alde lan egiteko aukera bat da niretzat". Hala ere, garrantzia kendu gura izan dio, esanez ordainsaririk ez edukitzea ohikoa dela herri askotan. Zinegotziek ere ez dute dietarik jasoko bilkuretan eta batzordeetan parte hartzearren, eta bere alderdikideek zein Herriko Taldekoek "erakutsitako konpromisoa" eskertu gura izan du. Bilkurak eta batzordeak hiru hilerik behin egingo dituzte, eta "beharrezkotzat joz gero" gehiago egiteko aukera egongo da. 

Elkarteek parte hartzeko aukera
Batzorde bi eratu dituzte: bata antolamendu eta lurraldearena, eta bestea herriko jarduerak koordinatzekoa. Nabarmentzekoa da bigarren honetan herriko elkarteek parte hartzeko aukera edukiko dutela, eta euren ordezkariak izendatzeko eskakizuna bidaliko die udalak datozen egunotan. 

Osaren alboan, Iñaki Txertudi izango da lehenengo alkateordea, Erregiñe Garamendi bigarrena eta Enrique Ramos hirugarrena. 

Datozen egitasmoak
Atzoko bilkuran zenbait jarduera ere onartu zituzten. Pilotalekuaren kanpoko itxitura esleitu dute, esate baterako. Hori lez, bide segrutasunagaz lotutako hiru egitasmo Gabonen aurretik amaitzeko itxaropena dute: autoen abiadura moteltzeko goraguneak ezartzea, Urienetik Iurretara bidean metalezko hesiak jartzea, eta Aiartza auzunerako bideko eustormak berritzea. 

Bestalde, udalak .eus domeinuagaz bat egitea erabaki du, eta hemendik aurrera www.garai.eus izango da bere webgunea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!