Erramun Osa Garaiko EAJko alkategaia izango da hurrengo udal hauteskundeetan

Jone Guenetxea 2018ko abu. 21a, 14:01

Erramun Osa Ibarloza, Garaiko jeltzaleen alkategaia izango da hurrengo urteko udal hauteskundeetan. Osaren arabera, "legegintzaldi honetan udalbatza osatzen dugun bi taldeok ahalegina egin dugu erreparoak gainditzeko, desberdintasunak alde batera uzteko eta gure bizilagunen bizitza hobetzeko lagungarriak diren oinarrizko proiektuetan adostasunak lortzeko”.

Garaiko EAJko ordezkari legez, Osak legegintzaldi honetako balorazioa egin du: "Guztion artean udalerrian dauden azpiegiturak hobetu ditugu: obrak kanposantuan, pilotalekuari etorkizunean erabilera handiagoa emateko eta berau berritzeko proiektua, errepideen egokitzapena, HAPO berri bat egiteko prozesua martxan jartzea eta abar”.

Garaiko EAJko hautagaiak hurrengo legegintzaldirako zenbait ekimen eta helburu aurreratu ditu prentsa oharrean:"Herriko gazteak Garain gelditzeko eta beraien bizi-proiektuak bertan garatzeko aukera izan dezatela nahi dugu. Hori dela eta, udalak modu aktiboan lan egin behar du alokairuko etxebizitzak edo arrazoizko preziodun etxebizitzak sustatzeko eta baserrietan familia-unitate bakarra baino gehiago bizi ahal izateko erraztasunak emateko; horrela, gure ondarearen kontserbazioa zainduz. Adineko pertsonentzako atseginagoa eta irisgarriagoa den herria lortzeko, horien partaidetza, balioespena eta osasuna sustatzeko eta zahartze aktiboa bultzatzeko lan egin behar dugu. Ekonomia-jarduera bultzatu behar dugu, betiere, gure ingurua mantenduz eta zainduz. Garrantzitsua da balioa ematea gure kultura-ondareari (interesguneak seinaleztatuz eta errepide eta sarbideak egokituz) eta ondare linguistikoari”, azaldu du.

 

Erramun Osa Ibarlozaren ibilbidea euskararen sustapen eta normalizazioaren alde lan egiten duten mugimendu eta erakundeekin (nagusiki, AEK, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa eta Euskaltzaindia) lotuta egon da beti.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!