Ane Baonzak azaldu du pozik egon direla bertan, bai inguruagaz bai herritarrekin. “Garain oso gustura egon gara, eta haren falta handia sumatuko dugu”, aitortu du. Umeek gutun bat idatzi, eta Gontzal Sarrigoitia alkateari eman zioten joan zen astean, despedidako eskertza lez.
Gotzaindegiaren jabetzakoa da Garaiko etxea, eta akordioa amaitu zaienez, beste leku bat topatu behar izan dute. Berrizko ikastola zaharra leku egokia iruditu, eta hantxe zabalduko dute eskola. Gainera, homologatzeko asmoa ere badute. Zerbitzu bera ematen jarraituko dute momentuz, 12 urtera artekoa. Datorren ikasturtean 20 bat ume egongo dira gutxienez.
Umearen prozesua
Baonzaren esanetan, umearen berezko prozesua errespetatzen duen hezkuntzan sinesten dute Umerrikoek, bere nahi eta erritmoen araberakoa. Gainera, mugikortasunari garrantzia ematen diote, eta euskara eta natura ere ardatzak dira euren egunerokoan.