Txiolari saiatuen lehenengo hamarren artean zaude. Harritu egin zaitu?
Bai, ez nuen inondik inora espero. Hainbat jenderen artean, eta nik baino askoz jarraitzaile gehiago dituztenak asko, ni hor egotea. Sorpresa bat izan zen.
Noiztik twitterren? Zenbat denbora ematen duzu?
Orain lauzpabost urte hasi nintzen lanari lotutako kontu profesionalak kudeatzen. Ez nuen kontu pertsonalik, izateko asmorik ere ez. Baina, zabalkunde zientifikoan arituta, kontraesana iruditzen zitzaidan eta kontu pertsonala zabaldu nuen. Lanari lotuta hiruzpalau ordu ematen ditut. Modu pertsonalean, berriz, twitterra begiratzea da egunean egiten dudan lehenengoa; bertatik informatzen naiz. Iturri nagusia dut eta goizean goiz ordu erdi bat eskaintzen diot. Beste horrenbeste gero ere.
Informazio iturria da twitter?
Batetik, gizarteak zeintzuk kezkak dituen, zertan jartzen duen arreta ezagutzeko aukera ematen dit. Lanerako eta egunerokotasunerako termometroa da, oso baliagarria. Bestetik, egiten duguna zabaltzeko bozgorailua da. Ezagutzen ditudan sare sozialetatik eraginkorrena da.
Eraginkorrena, zein zentzutan?
Egia da, erabilerari dagokionez, halako gainbehera bat izan duela. Lurker asko daude —kontua zabalik dutenak baina ez dutenak erabiltzen—. Asko begiraleak dira; hau da, informazioa jasotzen dute, baina ez dira aktiboak. Hala ere, duen bapatekotasun handiak egiten du horren eraginkor. Gertatzen ari den horrek, pil-pilean dagoen horrek du isla bertan, eta uneoro gertatzen denaren berri izateko aukera ematen dit, hor daudelako hedabideak eta gizarte eragileak. Gainera, gauza berari buruzko hainbat bertsio jaso ditzakezu.
Zientzia gizarteratzeko, ezinbestekoak dira sare sozialak?
Bai. Tradizioz, zientzia gaiek badute halako urruntasun bat. Gizarteak interes bat erakusten duen arren, ez da hurbiltzen. Ematen du gai urrunak, konplexuak, ulertzeko zailak... direla. Gainera, askoren ustez ez daude egunerokotasunari lotuta, zientzia gure eguneroko muina den arren. Argitaratutakoa zabaldu egin behar da: izan ere, ikusi, irakurri edo entzuten ez dena, ez da existitzen. Twitterrek, eta sare sozialek oro har, irakurriak, ikusiak eta entzunak izateko bidea ematen dute. Beraz, erabili egin behar dira. Inor ez zaigu etorriko, geu hurbildu behar gara gizartera. Gainera, lurker asko daude —kazetariak, hezkuntzan ari direnak...—.
Twitterren abantailak aipatu ditugu. Zer du txarra?
Informazio asko dago eta iragazi egin behar da; zeintzuk diren iturri fidagarriak jakin behar da. Bizitzako beste esparruetan lez, informazio trukea oztopatzen duten trolak ere badaude.
140 karaktere nahikoa dira?
Bai, nola jardun da kontua. 140 karaktere horiek argazkiekin edo bideoekin osatu ditzakezu, eta url edo esteka baten bidez zabaldu daiteke mezua, informazio txikia emanez. Dinamikak berak erakutsi du baietz, posible dela eta nahikoa dela.
Codesintaxen azterketaren arabera, iaz 6,2 milioi txio bota ziren, eta %42 izan dira euskaraz. Nola ikusten duzu hau?
Twitterren gehien bat euskaraz txiokatzen dut nik, ama hizkuntza dut oinarri nagusia. Beste hizkuntza batean egiten dudanean, bertsioak dira. Euskaraz txiokatzen da, asko ari gara, eta esango nuke kasu eta esparru batzuetan gizartean ikusten dena baino nabariagoa dela. Adibidez, kultur gaietan erabilera oso handia da. Ez dut esango hazkunde nabaria egon denik, baina ematen du portzentaje handi bat euskaraz ari garela. Hizkuntzaren ikuspegi osasuntsua ematen du, komunikazio tresna bizi batean gure hizkuntzan normaltasunez elkarkomunikatzea posible dugula.
Sare sozialak harremanetarako bide nagusietako bat dira. Aurrez aurrekoa aldatuz doa?
Biak uztartu daitezke. Hala ere, sare sozialek aurrean ez duzunagaz harremanetan jartzeko aukera ematen duten arren—adibidez, Australian dagoen norbaitegaz—, molde batzuk aldatzen ari dira. Bi ahoko ezpata da. Pantailari itsatsita bizi gara momentu askotan. Horren erakusleetariko bat gazteak dira.
Emakumeek zientzian egindako lana azalerazten duzue Zientzia Kaieran. Durangaldean badugu adibiderik?
Bai, Luz Zalduegi (Mallabia, 1914-2003) . Euskal Herriko lehenengo albaitaria izan zen eta, Espainian, albaitaritzako ikasketa aurreratuak egin zituen lehena. Emakume oso langilea eta ekina izan zen, eta hainbat kargu izan zituen Espainiako Nekazaritza Ministerioan. Denok ezagutzen dugu Marie Curie, baina badira beste batzuk ere, eta saiatu gara Euskal Herrian lehenak, aitzindariak, izan zirenak azalerazten.