Organikoa birziklatzen hasiko dira Garain

Markel Onaindia 2016ko abe. 13a, 09:23

Amankomunazgoak bultzatuta, hondakin organikoa birziklatzen hasiko dira Garain. Durangaldean 2014an hasi ziren egitasmoa zabaltzen, eta dagoeneko amankomunazgoko bilketa zerbitzua daukaten herri guztietara ailegatu da. 

Izan ere, Garaigaz batera, Mañaria eta Izurtza ere batu dira proiektura.  Gaur egun, guztira, 1.679 familia dabiltza organikoa gaika birziklatzen. Kontainer marroian botatzea edota autokonpostajea dira aukerak.

Egitasmoan parte hartu gura dutenek 94 623 25 22 telefono zenbakian eman dezakete izena.

Edukiontzi marroiaren sisteman parte hartzeko, hainbat material banatuko dituzte antolatzaileek: ontzi bat, poltsa konpostagarriak, kaleko kontainerra zabaltzeko giltza eta informazioa. Etxeko ontzian hurrengo gaiak bota ahalko dira: kozinaturiko eta kozinatu gabeko lekaleak, frutak, barazkiak, pasta, landare hondarrak, fruten hezurrak, papera eta paperezko ahozapi zikinak, besteak beste.

Lorategiak edo baratzeak dituzten etxeetan, autokonpostajea sustatuko dute. Konpostontzi bat, aireztagailu bat eta konposta nola egin azaltzen duen esku-liburu bat jasoko dute partaideek. Gainera, beharrezkoa izango da prestakuntza saio batera joatea; garaitarrek abenduaren 19an edukiko dute aukera, 19:00etan, udaletxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!