Kalean barandak ipiniko dituzte, errazago eta seguruago ibiltzeko

Anboto 2016ko api. 6a, 09:12

Ur depositoak konpontzea da 2016ko aurrekontuko inbertsio handiena.

Garaiko Udalak onartu du 2016rako aurrekontua. Osoko bilkuran adostasunera heldu ziren gobernuan dagoen Herriko Taldea eta oposizioko EAJ. 431.000 euroko aurrekontua edukiko dute aurten garaitarrek, herriko gastu eta inbertsioak aurrera eramateko. Inbertsio handiena San Migel eta Trumoitteko ur depositoak konpontzeko egingo dute (50.000 euro inguru), hori izan baita udalaren lehentasuna. eta beste 10.000 euro herrigunean barandak ipintzeko erabiliko dituzte. Horrela, modu errazago eta seguruagoan ibiltzeko aukera edukiko dute herritarrek.

Udal ordezkariek azaldu dutenez, hainbat lekutan ipiniko dira barandak. Adibidez, Elizabarrira joateko aldapan edo Herriko Tabernaren atzeko eskaileretan. Gainera, San Migeleko 16. atari inguruan dagoen bidegurutzean baranda berri bat ezarriko dute, oraingoa egokia ez dela iritzita.

Bestalde, pilotalekuaren alboa estaltzea aztertzen ari direla agertu da zenbait hedabidetan, baina udalak argitu du, 2016an behintzat, ezingo dutela hori egin. Izan ere, 2015ean horretarako diru-laguntza jaso zuten, eta urte bi pasatu arte ezingo dute laguntza gehiagorik jaso.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!