Herriko Taldeak erosketaren zergatia azaldu, eta publikotasuna defendatu du: “Mendi hau erosi bada, denon intereserako izan da”. Ondare publikoa, ustiapena eta abereentzako larrea hobetu gura dituzte, eta “Garai eta inguruko udalerrietako auzotarrentzat aberastasun garrantzitsua” izango dela uste dute. Beraz, lurrak ez dira garaitarrentzat bakarrik izango.
EAJk kontra bozkatu zuen: “Garaiko abeltzainei lagundu behar zaie, baina laguntza hori ezin da beste batzuen bizkar izan”. Gainera, lurrak erosteko 60.000 euroak beste lehentasun batzuetan gastatzea defendatu zuen. Baina Herriko Taldeak gogoratu du diru hori Aldundiko Hobekuntza Fondotik datorrela, eta ezin dela beste azpiegitura batzuetarako erabili.