Lursaila ez kentzeko eskatu dio Berrizko nekazari batek Garaiko Udalari

Anboto 2015ko mar. 19a, 15:00

Biritxinaga, eskumatik lehena, martxoaren 4an, Garain.

Berrizko Aitor Biritxinaga nekazariak behien ustiategia dauka anaiagaz batera, eta 2014ko uztailean lursail bat erosi zuten Berrizen, ustiategia zabaltzeko asmoz. Baina lursail hori Berrizko eta Garaiko herri lur baten artean dago, eta, orain, Garaiko Udalak erreklamatu gura du, horretarako eskubidea daukalako. Hala ere, Biritxinagari ez zaio bidezkoa iruditzen Garaiko Udalaren erreklamazioa, eta lursaila ez kentzeko eskatu dio. “40 urtez basoa abandonatuta egon da”, esan du Biritxinagak, eta ez du ulertzen, berak erostean, lursaila kentzera etorri izana.


Urrian hasi zen biritxinagatarren buruhaustea. Lursailaren jabeagaz akordiora heldu, eta eskriturekin Berrizko udaletxera joan ziren, salerosketa ofizialtzera. Hasieran erreklamatu egingo zutela esan zieten, baina, alkateagaz eta oposizioagaz batu ostean, atzera egin zuten. Gero, Garaiko Udalaren interesa etorri zen, eta ordezkariekin batu zen Biritxinaga. “Esan ziguten ez zela egingo jarrera txarragaz, eta lasai egoteko”. Baina martxoaren 4an udalak herriko baserritarrekin batzarra egin zuen, gaia aztertzeko. Biritxinaga beste nekazari batzuekin joan zen udaletxera: “Ez zidaten batzarrera sartzen utzi, eta ENBA sindikatuko ordezkariari ere ez”.

Biritxinagak azaldu du ustiategiaren bideragarritasunerako behar dutela lursaila. 400 behiri belarra jaten emateko gura dute. Behargin bi ere badituzte, eta, horregatik, ENBAk lau lanpostu arriskuan ipintzea egotzi dio udalari. Biritxinagak esan du gero eta lur gutxiago dagoela nekazarientzat, eta haiena dela eskualdean geratzen den ustiategi bakarrenetakoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!