Garaiko I.Mendi Martxa egingo dute bihar, oinez eta bizikletaz

Anboto 2014ko urr. 3a, 11:45

Garai mendizalez beteko da bihar, I. Mendi Martxaren harira. Herriko triatloi taldeak triatloia antolatu izan du herrian azken hiru urteetan, baina aurtengo udan ezin izan dute egin, Herrizaingo Sailetik ez dutelako baimenik jaso. Hori ikusita, ordezko ekimen bat egitea pentsatu, eta mendi martxa prestatu dute. Ibilbidea oinez eta bizikletaz egiteko aukera egongo da, eta Oiz mendiaren magaletik ibiliko dira partaideak.

Goizeko 08:30ean irtengo dira plazatik martxa ibiltarikoak. Hogei kilometro izango dituzte aurretik, eta indarrak hartzeko antolakuntzak guneak jarriko ditu seigarren eta hamahirugarren kilometroetan. Helmugan ere jatekoa eta edatekoa edukiko dute. Mendiko bizikletako ibilbideari 10:00etan ekingo diote, plazan bertan. 30 kilometro egin beharko dituzte, eta jan-edanerako guneak zazpigarren eta 21. kilometroetan egongo dira.
Partaideek hamar euro ordaindu beharko dute, eta dortsalak hartzeko arinago egon beharko dute plazan: ibiltarikoek 07:30etik aurrera, eta bizikletariek 09:00etan hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!