Landare aukera ugari eta egunpasarako egitaraua Garaiko Landare Azokan.

Anboto 2014ko api. 13a, 09:00
Landare Azokaren bigarren edizioa antolatu dute gaur, domekarako; 23 postu ipiniko dituzte herrigunean.

“Garaira hurbilduko den jendeari gune aproposa prestatu diogu eguna igarotzeko”. Landare Azokaren bigarren edizioa antolatu dute  udalak, Trumoitte kultur elkarteak eta Urkiola Landa Garapenak, eta berba horiekin egunpasa egitera animatu dituzte herritarrak zein inguruetako biztanleak. 23 postu ipiniko dituzte herrigunean, eta konposta egiteko ikastaroak ere eskainiko dituzte. Bolatokian pintxoak salduko dituzte bolondresek, eta musikagaz girotuko dute goiza.

Goizeko 10:00etatik 14:00etara zabalduko dute feria. Landareen eta lorezaintzaren inguruko hogei postu egongo dira ikusgai. Sasoiko loreak, kaktusak, bonsaiak, lora sikuak, landare txikiak, lorazaintza lanabesak, baserri tresnak, produktu ekologikoak eta produktu fitosanitarioak eskainiko dituzte, besteak beste. Ekoizle horiez gainera, Durangaldeko hiru nekazarik ere ipiniko dute postua gazta, ogia eta ardoagaz.
Bestalde, etxeko konpostajea zelan egiten den ikasteko berbaldian parte hartu ahalko dute bertaratzen direnek, 11:00etan eta 12:30ean.

Iazkoa errepikatzera
Iazko edizioak arrakasta handia eduki zuen, eta antolatzaileek esan dute hori errepikatzea gura dutela. “Giro jator eta herrikoian murgilduta, landare eta lorazaintzako herriko eta kanpoko zaleen topalekua” izatea da euren helburua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!