Lantziegoko eta Garaiko herritarrek hartuemana indartu dute

Anboto 2014ko api. 1a, 10:25
Herri bietako alkateek plaka bat ipini zuten, eta Garaiko Artearen kimu bat ere landatu zuten.

Joan zen zapatuan Lantziegora joan ziren garaitarrak, hango bizilagunekin senidetza ospatzeko asmoz. Iaztik lotura ofiziala daukate bi udalek, herritarren artean hainbat urtez erlazioa egon ostean. Eta, hartueman hori indartu zuten ekitaldietan batutakoek.

Goizean ekitaldia egin zuten. Alfonso Luis Gonzalez Lantziegoko alkateak eta Gonza Sarrigoitia Garaikoak senidetza irudikatu zuten. Plaka bat ipini, eta Garaiko Artearen kimu bat landatu zuten. Gero, herria hobeto ezagutzeko aukera eduki zuten garaitarrek. Antzina olioa zelan egiten zuten ikusi, udaletxe azpiko upategi zaharra bisitatu...  Bazkarian 120 lagun batu ziren, eta erromariagaz jarraitu zuten arratsaldean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!