Landetxea zabalduko dute sakristauaren etxean

Anboto 2014ko ots. 9a, 08:00

'Garaikoa' landetxearen sustatzaileek ekainerako zabalik egotea espero dute

 

Sakristauaren etxea landetxea izango da etorkizunean. Proiektuaren sustatzaileek ekainerako zabalik egotea espero dute, eta, horretarako, beharrean dabiltza, eraikina atontzen. Gotzaindegiaren jabetzakoa da etxea, eta alokairuan hartu dute sustatzaileek. 

Basque Eusk egitasmoan dabiltzanek erabaki dute landetxea zabaltzea. Diasporako euskaldunekin ibilbideak egiten dituzte Euskal Herritik, eta erreferentziazko puntu baten beharra zeukatela ikusi zuten. Euren behar horretatik sortu dute landetxea. Baina, erabilera zabalekoa izango da; edozein pertsona edo taldek hartu ahalko du ostatu bertan.

Garaikoa izena ipiniko diote. Sustatzaileetako bat Jasone Gezuraga da, eta azaldu du landetxeak zortzi logela edukiko dituela. Gainera, komunak, jangela eta terraza ere izango ditu. Goizetan gosariak ere eskainiko dizkiete euren bezeroei.

Bertakoa eta sasoikoa

Proiektuari filosofia berezi bat eman gura diote, eta euren leloa ere badaukate: Garain Garaikoa, sasoian sasoikoa. Durangaldeko ingurumena, paisaia eta eskaintza kulturala txertatuko dituzte euren promozioan, eta emango duten jatekoa sasoikoa izango dela esan du Gezuragak.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!