Herria arte galeria bihurtu dute, Zubiaurretarren argazki zaharrekin

Anboto 2013ko uzt. 18a, 13:30
Herriko eraikinetan Valentin eta Ramon Zubiaurre anaiek XX. mende hasieran ateratako argazkiak eskegi dituzte tamaina handian

Herriko eraikinetan Valentin eta Ramon Zubiaurre anaiek XX. mende hasieran ateratako argazkiak eskegi dituzte tamaina handian.

 

Uda honetan 100 urte atzera egingo dute Garain. Herriko eraikinetan, Zubiaurre anaiek XX. mende hasieran ateratako argazkiak eskegi dituzte, tamaina handian. Berez, margolariak ziren Valentin eta Ramon Zubiaurre, baina argazkilaritzan ere egin zuten lanen bat edo beste. Garain, euren koadroetan erretratatzen zituzten herritarrei eta paisajeei argazkiak atera zizkieten. Bilboko Arte Ederren Museoan hainbat dauzkate gordeta, eta artxibo horretako lan batzuk hartuta osatu dute Garaiko erakusketa. Hamabi argazki dira, beste horrenbeste eraikinetan. Herrigunea arte galeria bihurtu dute abuztuaren 31ra arte.

 

Udalak eta Gerediaga elkarteak bultzatu dute erakusketa, efemeride bi kontuan hartuta: Valentin Zubiaurre eta bere koinatu Ricardo Gutierrez –Juan de la Encina lez ezaguna– hil zirela 50 urte dira aurten. Hori dela- eta, zenbait ekitaldi prestatuko dituzte, eta erakusketa izango da horietako bat. Joan zen zapatuan ere, berbaldia eskaini zuten Zubiaurre familiaz Javier Viar eta Iker Gonzalez-Allende adituek.

 

\"\"

 

1837an Garain jaio zen Valentin Zubiaurre musikari ospetsuaren semeak ziren Valentin eta Ramon. “XX. mendeko euskal pintura erregionalistako margolaririk aipagarrienetarikoak” direla azaldu du Gerediaga elkarteak. Euren aitak semeak musikari izatea gura zuela esaten dute adituek, baina gorrak ziren. Europan zehar ibili ziren ikasten.

 

Pilar eta Juan de la Encina

Margolarien arreba Pilarren ibilbidea berreskuratu zuen Gonzalez-Allendek 2010ean. Frankismoan, egindako lana estali zuten, bere izaeragatik. Intelektual feminista zen eta sozialista bategaz ezkonduta zegoen, Juan de la Encinagaz. Biek tertulia literarioak eratu zituzten Madrilen, García Lorca, Jiménez, Ortega y Gasset eta beste hainbat ezagunen partaidetzagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!