Herriko berbak eta ohiturak, herritarren ahotik jasota

Anboto 2013ko eka. 26a, 13:15
Ahotsak proiektuan sei herritar elkarrizketatu dituzte; Justina Urizar eta Maku Negugogor dira bi

Ahotsak proiektuan sei herritar elkarrizketatu dituzte; Justina Urizar eta Maku Negugogor dira bi.

 

Justina Urizarren etxean batu dira Garaiko Ahotsak proiektuan parte hartu duten lau lagun, egindakoa errepasatzeko. Urizar bera, Maku Negugor eta Uxune Martinez garaitarrak, eta Andere Gonzalez algortarra. Euskal Herriko ahozko ondarea, ohiturak eta istorioak jasotzen dituzte Ahotsak-ekoek, gal ez daitezen. Gonzalez lan horretan ibili da Garain, eta Martinezen laguntza eduki du.

 

Sei elkarrizketa grabatu dituzte, eta Urizar eta Negugogor dira protagonistetako bi. Badute zer kontatua Urizarrek eta Negugogorrek. 1917an jaio zen Urizar. “Gogorra izan zen gure bizimodua. Orain baino konformismo handiagoa zegoen”. Lehengo ohituretan murgildu dira hizlariak. San Joan pasa berri denez, orain ia surik ez dela egiten dio 1945ean jaiotako Negugogorrek, eta lehengoak dakartza akordura: “Jantokia egin duten lekuan, etxeetako traste zahar guztiak ekarri eta hor egiten zen sua”. Urizarrek jarraitu du: “Bezperan batanak, azeri-buztanak eta beste belar batzuk batzen genituen. Sabaian baztartxo batean gorde, eta hurrengo San Joan egunean, solo bakoitzean eskubete. Sua isiotu eta kantatu”. Abesteari ekin dio Urizarrek, berba bakar bat ahaztu barik: “San Juan, San Juan...”.

 

Ohiturak, egunerokoan ere bazituzten. “Katarroak-eta osatzeko, lehen enplastua zen dena”, gogoratu du Urizarrek. Negugogorrek, gai beretik: “Sugeak haginka egin zion bati errosariotara zetorrela. Gurera etorri, eta amak atoan errebotika egin, ipini, eta normal joan zen errosariora. Kapelenekoak erakutsi zion amari”. Gonzalez sartu da solasaldian: “Horrek kontuok ez dira liburuetan agertzen”.

 

Orain, transkribatzera

Herriaz gehiago jakiteko balio izan dio Martinezi lanak: “Egunerokoan ez da halako gauzetaz berba egiten; memoria kolektiborako jaso gura genituen”. Auzoka, gauza desberdinak topatu dituzte. “Berba bat, hemendik eta Momoitiora aldatu egiten da”, esan du Gonzalezek.

 

Felix Arestik, Mari Jakak, Matias Larrinagak eta Krispin Arregik ere parte hartu dute egitasmoan. Eurek esandakoa transkribatzea izango da hurrengo pausoa, argitaratu ahal izateko. Behar horretarako, udalari laguntza eskatu diote Ahotsak proiektukoek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!