Momoitioko San Juan Baseliza, egunpasa gure historiaren sehaskan

Anboto 2013ko eka. 17a, 08:40
Egunpasa egiteko ezin hobeto prestatuta dago Garain, San Juan Momoitioko baseliza: mahaiak, parrillak,iturriak, gerizpea... Baina, aldi berean, balio historiko handiko gunea da

Egunpasa egiteko ezin hobeto prestatuta dago Garain, San Juan Momoitioko baseliza: mahaiak, parrillak,iturriak, gerizpea...  Baina, aldi berean, balio historiko handiko gunea da.

 

\"\"Udako egun eguzkitsuak datozenean, Momoitioko San Juan baselizak eta bere inguruek familia giroan egunpasa lasai eta eder baterako aukera eskaintzen dute. Zuhaitz mardul eta hostotsuen itzalpean dauden egurrezko mahai askotako batean eserita eta parrillako txingarrek bazkari gozoa iragartzen dutela, bisitariak orduak eman ditzake Anboto mendizerrak eta haren magaleko herriek eratzen duten ikuspegi paregabeagaz sorginduta. Behin joan dena, itzuliko da, lehenago edo geroago.

 

Baina gaur egungo mundu zalapartatsutik ihes egiteko oasi berdea eskaintzeaz gainera, inguru hark balio historiko handia du. Garaiko San Juanen baseliza Momoitioko kofradiaren erdigunea da. XVI. mendearen hasieran berreraiki zuten, baina barruan Erdi Aroko eliza txiki baten zimenduak dauzka oraindik.Eliza hori Momoitioko antzinako herrixkan bizi zirenen parrokia izan zen, VIII. eta XI. mendeen bitartean.

 

Hilobiak baseliza ondoko landan

Baselizaren inguruko landan hilobi batzuk agertu ziren, eta 80ko hamarkadan egindako indusketek (Garaiko Udalak eta Gerediaga Elkarteak bultzatutako egitasmoa izan zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin) material eta informazio pribilegiatua eskaini zuten. Indusketen emaitzak funtsezkoak dira Bizkaiko eta Euskal Herriko Erdi Aroaren historia ezagutzeko edo arakatzeko

 

Sasoi hartako hilobiak ikusgai daude gaur egun baselizaren ezkerraldean. Hilobien ondoan argibide-taula bat dago, elizaren eta hilobien inguruko informazioa eskaintzen duena. Horrez gainera, Gerediaga Elkarteak sustatutako Merioaren Ibilbideko interesgune bat denez, informazioa emateko beste panel bat ipini dute baseliza eta hilobiez gainera, Momoitioko kofradiaren inguruko informazioa ere eskaintzen duena. Beraz, ikusten ari denaren gaineko informazio zehatza jaso dezake bisitariak.

 

Inguru hark oinezko ibilbideak egiteko aukera ere eskaintzen du. Momoitiotik gorantz doan bidea hartuz gero, Garai herrigunera joan daiteke, ariketa apur bat egin eta bazkalosteko kafea hartzera. Herrigunea ere toki lasaia da, patxadan eta estres barik egoteko leku aproposa.

 

Momoitiotik beherantz doan bidea hartuz gero, ostera, Iurretara helduko da ibiltaria. Hasieran, sasoi bateko baserriak beste berriago batzuekin tartekatzen dira, eta denen artean Momoitio auzoa eratzen dute. Belardi, ortu eta ganaduek osatzen dute baserritik baserrirako paisaia. Tarte hori igaro ondoren, pinadien artetik doan aldats maldatsu bat jaitsita helduko da bisitaria Iurretako herrigunera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!