"Prestaketa egin ondoren, triatloietan parte hartzeko gogoz gaude; kirol osoa da"

Anboto 2013ko ots. 25a, 08:34
Uxue Zeberio (15 urte, Amorebieta-Etxano) eta Leire San Nicolas (16 urte, Bermeo) Garai Triatloi taldean hasi dira aurten. Eurak dira 35 laguneko taldean lehenengo emakumeak. Biak igerian dabiltza umetatik

 Uxue Zeberio (15 urte, Amorebieta-Etxano) eta Leire San Nicolas (16 urte, Bermeo) Garai Triatloi taldean hasi dira aurten. Eurak dira 35 laguneko taldean lehenengo emakumeak. Biak igerian dabiltza umetatik.

 

Amorebieta-Etxanoko igeriketa taldean zabiltzate biok.

Uxue Zeberio: Bai. Orain hiru urte, Garaiko triatloi taldeko igerilariak prestatzeko taldea zen, eta orain urte bi sortu zuten Amorebieta-Etxanoko igeriketa taldea. Sortu zenetik han gabiltza, baina ni neu, txiki-txikitatik ibili izan naiz igerian, hiru urte nituenetik. Medikuaren aginduz hasi nintzen, eta harrezkero ez dut utzi.

 

Leire San Nicolas: Neu ere medikuak esanda hasi nintzen sei bat urtegaz, eta gerora, zaletu egin nintzen.

 

Kirol zaleak al zarete?

U.Z.: Nik saskibaloian jokatzen nuen orain urtebetera arte. Ez nuen kirol biak praktikatzeko astirik, eta igeriketa aukeratu nuen.

L.S.N.: Ni tenisean eta atletismoan ibili izan naiz. Gauza asko. Niri ere ez zidan denetarako astirik ematen, eta igeriketa aukeratu nuen, betidanik nabilelako horretan.

 

Mikel Zabala zuen entrenatzailea eta Garaiko triatloi taldeko kidea da. Berak proposatu zizuen triatloi taldean sartzeko?

U.Z.: Bai. Mikelek beti kontatzen zigun zelan zen tria- tloiak-eta egindakoa, eta ni beti erakarri izan nau triatloiak. Kirol osoa iruditzen zait. Egun batean, neuk esan nion Mikeli triatloiak egin gura nituela.

L.S.N.: Bermeoko atletismo taldean egon nintzenean, umeen triatloiak egiten nituen, eta gustatu egiten zitzaidan. Mikelek esan zidan Uxue triatloi taldera apuntatu zela, eta igeriketa teknika hobetzean, nik ere egin nitzakeela triatloiak. Neuri ere kirol osoa iruditzen zait.

 

Zelan planifikatu dizuete aurtengo denboraldia?

A.S.N.: Bizkaiko eta Euskal Herriko igeriketa txapelketak izan ditugu oraintsu, eta ondo ibili gara. Mikelek esan digu pena ematen diola igeriketa horrela, bat-batean, uzteak eta denboraldia berrantolatu egingo digula esan digu.

U.Z.: Astean sei egunetan egiten dugu igeri. Astelehenetik zapatura. Bizikleta eta korrika saioak ipiniko dizkigu, baina batez ere, igerian ibiliko gara momentuz. Igerian eta korrika ondo zabiltzate.

 

Eta bizikletan?

A.S.N.: Nahiko txarto (barreak).

U.Z.: Ez oso ondo (barreak).Mikelegaz ez gara askorik ibili. Behin bakarrik, egia esanda. Iñaki Lejarretaren oroimenezko ibilaldian, Bilbora joan-etorria egin genuen.

 

Triatloi ofizial bat egiteko gogoz zaudete?

A.S.N.: Bai. Kadeteak garenez, modalitate batzuk bakarrik egin ditzakegu, baina gogoz gaude.

U.Z.: Horretarako animatu gara taldean sartzera. Prestaketa on baten ondoren, triatloietan parte hartzeko gogotsu gaude.

 

Triatloietan zerk ematen dizue errespeturik handiena?

U.Z.: Igeri egitetik korrikara pasatzeak ez digu beldurrik ematen, baina korrikatik bizikletara eta segituan berriro korrikara… Horrek, bai. Horrek errespetua ematen du, bat-bateko aldaketak direlako. Baina prestakuntza kontua da dena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!