"31 urte daramatzagu Garain, atzo etorri ginelakoan"

Anboto 2011ko urr. 30a, 09:18
Mendian izandako istripu baten ondorioz eskumako besoa lotuta dauka Ana Mari Agirregomezkortak, hala ere, laguntzeko beharra ikusten du, ez da-eta geldirik egotekoa. Nagusien elkarteko idazkari lanetan dabil ia 10 urtean

Mendian izandako istripu baten ondorioz eskumako besoa lotuta dauka, baina, hala ere, laguntzeko beharra ikusten du, ez da-eta geldirik egotekoa. Nagusien elkarteko idazkari lanetan dabil ia 10 urtean.

 

Nagusien elkarteko idazkaria zara. Noiztik?

Urtea ez daukat gogoan, baina izango dira zortzi edo bederatzi urte horretan nabilela. Orduan gazteena nintzen, eta niri tokatu zitzaidan. 51 urte neuzkan elkartean izena eman nuenean; bazkideak behar zituzten, eta animatu egin nintzen. Geroztik, sarritan esan izan dut beste ardura batzuk ere baditudala, ea besteren bat animatzen den, baina segitzeko esaten izan didate. Ez dit inork erreleborik hartu gura.

 

Zenbat kide zarete gaur egun elkartean?

42 bazkideren bueltan izango garela pentsatzen dut. Azken boladan jende asko hil zaigu, eta beste asko, dagoeneko, ez dira etxetik ateratzen.

 

Mugitzen den elkartea da zuena; ekintza ugari egiten duzue.

Hiru txango egiten ditugu; Nafarroara, Errioxara, Gipuzkoara... Inguruko gauzak ikusi eta eguna pasatzen dugu elkarregaz. Bazkaltzeko ere aprobetxatzen dugu. Laster Laguardiara goaz, Arabar Errioxara. Berbaldi batzuk-eta ere edukitzen izan ditugu, baina azkenekoan ni bakarrik agertu nintzen. Oso interesgarria izan zen, baina ez zen inor azaldu. Amankomunazgotik etortzen ziren hitzaldiak ematera, eta geroztik ez dugu askorik egin... Neu bakarrik agertzeko! Aste Kulturalean ere, irailean, oso jende gutxi ibili ginen. Gizonak tabernan elkartzen dira jokoan egiteko, eta behin aukera edukita, zelan etorri daiteke hain jende gutxi? Beti dago aitzakiaren bat, baina...

 

Herriko tabernan ere ibiltzen zara beharrean.

Laguntzen ibiltzen naiz, familiako negozioa da-eta. Ez daukat obligaziorik, baina lagundu egiten diet semeari eta alabari; orain eurek daramate taberna. Gainera, bizi ditugun sasoiekin, lagundu egin beharko...

 

Min hartuta zabiltza, baina...

Mendian nenbilela, alanbrada bategaz estropezu egin eta heldu arren, alanbrada eta guzti jausi nintzen harri baten gainera. Besoagaz hartu nuen kolpea, eta hiru zatitan apurtu nuen. Buruagaz joz gero, bertan geratuko nintzen! Medikuak ere esan zidan sekulako aberia egin nuela. Irailaren 13a zen, martitzena, eta esaerak badio: “Trece y martes, no te embarques”. Egunean bertan beste bati ez dakit zenbat milioi euro tokatu zitzaizkion primitiban; begiratu zelako diferentzia. Nik pasatakoa ez dut inorentzako desio.

 

Zure berbakera ez da Garaikoa. Nongoa zara izatez?

Ermuarra naiz jaiotzez. 31 urte daramatzagu Garain, atzo etorri ginelakoan. Taberna hartu eta horregatik etorri ginen hona bizitzera. Nire herria da. Ahizpa daukat Ermuan, baina bera etortzen da hona bisitan, eta, beraz, derrigorrezko zer edo zer ez bada, ni ez noa Ermura ezertarako ere.Umeak ere hemen hazi ditut. Bertakoa naiz. Baten batek galdetuz gero, garaitarra naizela diotsat; barru-barrutik irtetzen dit.

 

Zelako esperientzia izaten da tabernan behar egitea?

Behar gogorra da tabernakoa. Gainera, kanpokoak bere lana egiten du eta badoa, baina etxekoa izatera, behar diren orduak sartzen dituzu, 10 edo 24. Bestalde, krisiak eragina izan ez duenik ez dut esango; alde guztietan moduan, hemen ere igarri dugu. Baina aurrera goaz, hainbeste urtean.

 

Jende asko ezagutuko zenuen, eta anekdotarik ez dozu faltako.

Batzuetan apuntatu eta guzti egiten ditut.  Behin frantses batzuk ezkondu ziren hemen, eta bazkaria jatetxean egin beharrean tabernako mahaietan egin gura zuten, zati zaharrean.

 

Herri txikian dago taberna.

Herri txikia da, baina ezaguna aspalditik. Herriko Tabernak ere historia luzea dauka: duela 80 urte denda ere bazegoen bertan.

 

Zein da, zure ustez, taberna batek funtzionatzeko sekretua?

Sukalde ona eduki eta jendeagaz tratu ona izatea da garrantzitsua. Zerbitzariek eta barran daudenek jendeagaz zelan tratatu jakitea. Jatekoari dagokionez, esango nuke ez direla begiak bakarrik ikusten dutenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!