Kultur etxea inauguratu zuten zapatuan

Anboto 2011ko mar. 25a, 12:21

Otea-Loran elkartearen gainean egokitu dituzte azpiegitura berriak.

Otea-Loran elkartearen gainean egokitu dituzte azpiegitura berriak. Urte eta erdiko lanen ondoren, atzo inauguratu zuten Garaiko kultur etxe berria. Otea-Loran elkartearen gainean egokitu dute, eta ludoteka, KZgunea zein batzargelak jasoko ditu. Durangaldeko ordezkari politikoak gonbidatu zituzten hitzordura, eta hauei harrera eginez hasi zuten ekitaldia. Dantzariek aurreskua egin zuten, eta ondoren barrura sartuko ziren, instalazioak ezagutzeko.

Hiru fasetan

Kultur etxe berriko lanak 2009ko irailean hasi zituzten, eta geroztik hiru fasetan garatu dira. Lehenengoan igogailua ipini, teilatua konpondu eta fatxada margoztu zuten; 145.000 euroko aurrekontua izan zuten lan horiek. Bigarren fasean, 2010ean, argia eta uraren distribuzioa egokitu zuten; gainera, komun berriak ere ipini zituzten, 129.784 euroko aurrekontuagaz. Hirugarrenean, aurten, eraikina hornitu dute 19.000 eurogaz; wifia, altzariak eta ordenagailuak ipini dituzte, esaterako.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!