Garaizartik San Juanerako bidea konponduko dute

Anboto 2010ko uzt. 1a, 13:56

56.500 euroko aurrekontua dauka egitasmoak, eta, adierazi dutenez, datozen egunean hasiko dira lanok.

Iurretako Garaizartik Garaiko San Juanera doan errepidea konpontzeko akordiora heldu dira bi udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. 56.500 euroko aurrekontua dauka egitasmoak, eta, adierazi dutenez, datozen egunean hasiko dira lanok. Joan zen urte amaieran hondatu zen bide hori, euriteen eraginez. Berez Iurretako bidea da, baina \"batez ere garaitarrek erabiltzen\" dutela-eta, Garaiko Udalak inbertituko du diru kopuru handiena. Dena dela, Aldundiaren laguntza izango du; izan ere, errepidean kalteak sortu zirenean diru-laguntza eskatu zuten eta orain onartu egin dute eskaera hori. Diru-laguntza horrek aurrekontuaren %90 beteko du, eta Garaiko Udalak falta diren 6.000 euroak ipiniko ditu. Gastuetan zuzenean parte hartu ez arren, \"Iurretako Udala proiektua garatu, adjudikatu, zuzendu eta betetzera konprometitu da\", Iñaki Totorikaguena alkateak azaldu zuenez. Adjudikazioa eginda dago, eta horregatik itxaroten dute lanak laster hasiko direla.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!