Joan zen martitzenetik aste kulturalean murgilduta daude herriko jubilatuak. “San Miguel” Garaiko Nagusien Elkartea da ekimen honen antolatzailea, eta makina bat ekitaldi sartu dituzte 29a arte luzatuko den egitarauan.
Karta txapelketekin ipini zuten martxan aste kulturala martitzenean. Briskan aritu ziren egun horretan, tutean eguaztenean eta musean atzo, eguenean. Gaur be mahaiaren bueltan batuko dira Garaiko nagusiak, baina kartak jatekoagatik aldatuko dituzte. Izan be, tortila txapelketa iragarri dute arratsaldeko 17:30erako.
29an, egun handia
Bere izenari kasu eginez, hilaren 29a izango da egun handia elkartearentzat: San Migel eguna. Eguerdiko 12:00etan meza izango da hildako bazkideen omenez, eta 14:00etan bazkaltzeko elkartuko dira Herriko Tabernan.
Bazkalostean elkarteko bazkide nagusienak omenduko dituzte, eta txapelketetako sariak be banatuko dira.