EAJk zalantza agertu du alkatea liberatzearen gainean

Anboto 2009ko mar. 6a, 12:37

24 urtean liberatu gabeko alkatea izanda “beharrezkoa” ote den galdetu du

2009ko urtarriletik dedikazio  edo lanaldi partzialean liberatuta dago Gontzal Sarrigoitia Garaiko alkatea, eta EAJk bere zalantza agertu du erabaki horren gainean. “Bizi dugun krisi egoeran ez da beharbada erabaki egokiena”, jeltzaleen ustez. Horretaz gainera, “premiazkoa” ote den argitu beharra dagoela be nabarmendu dute. Izan ere, herrian liberatzen den lehenengo alkatea da Sarrigoitia.

Dena dela, EAJk iritzia aldatu duela esan daiteke, joan zen azaroan udalbatzarrak aho batez onartu baitzuen proposamen hori. Alkateaz aparte, Udaleko administrari laguntzailea lanaldi osora pasatzea be adostu zuten.

Tramitazioetan

Oraindik administrari laguntzailea ez dago lanaldi osoan, nahiz eta tramitazioak eginda egon. Epe hau bukatu eta egoera argitu arte ez da zehaztuko alkateak zein ordutegi izango duen; bere garaian egingo dute publiko. Oraingoz, administraria dagoenean egoten da alkatea Udaletxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!