Lehenengo biderrez liberatuta egongo da, lanaldi partzialean, Garaiko alkatea. Izan ere, udal jardunerako dedikazio partziala izatea onartu du udalbatzarrak, aho batez. Gontzal Sarrigoitia alkateak berak azaldu lez, astean 12 orduan egongo da denbora partzialeko arduraldian, 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Orain egun erdiko lanaldian diharduen administrari laguntzaileak —Garain eta Mallabian— egun osoko lanaldian jardun dezan tramitea hasi du Udalak, eta hori lotu ondoren zehaztuko dute zer ordu eta egunetan egongo den alkatea Udaletxean. Bitartean, administrari laguntzailea dagoenean egongo da alkatea bera ere Udaletxean; egun bi goizez eta bat arratsaldez.
Legealdian urte bi betetzera doaz, alkateak gogoratu duenez, eta “udal jardunaz ikasteko eta dauden gaien gainean egoteko beharrezko” jo dute dedikazio partziala: “Orain ere egunero noa, baina, lana eta burokrazia geroago eta handiagoa da. Gainera, herritarrek ere noiz nagoen jakingo dute kexa, eskari edo iradokizunak helarazteko”. Diru-atala 2009ko udal aurrekontuan zehaztuko dute: “Aztertzen gaude zelan egin; EUDELen administraziorako taulen arabera, segurutik.”