Garai Durangorekin lotzen duen A-3931 autobus-linea abiatu eta urtebetera, galdera-sorta prestatu zuen Udalak herritarrei helarazteko eta autobusa gehiago erabiltzea lortzeko. Askotan bidea bidaiaririk barik egiten duela-eta arduratuta ekin zioten ekimenari.
Jaso dituzte erantzun eta proposamenak, eta orain Bizkaiko Foru Aldundira jo gura dute udal arduradunek galdera-sorta hori batu eta aztertu ondoren jasotako ondorioak eta eskariak aurkezteko.
Gontzal Sarrigoitia alkateak azaldu duenaren arabera zenbait ordu aldatzea proposatu dute herritarrek: “Ikasleei begira, Durangora 07:00etan doan autobusa 07:30era aldatzea proposatu dute. Era berean, Durangotik Garaira doan 15:00etakoa beste ordu erdi atzeratzea”.
Horrezaz gainera, asteburuetan ere autobus zerbitzua jarri dezaten gura dute. “Orain 5-6 lagun ibiltzen dira, baina zerbitzua eskaini egin behar zaigu, guk ere ordaintzen ditugu-eta zergak. Hala ere, zerbitzua optimizatzea lortu gura dugu, orain gutxi erabiltzen da-eta”, azaldu du herriko alkateak.
Astelehenetik barikura egiten du Garaitik Durangorako bidea PESA Bizkaiaren A-3931 autobus-lineak. 2006ko azaroan jarri zuten martxan urteetako eskakizuna egin bihurtuz. Zerbitzu publiko gabeko herri bakarra zen Garai.