Kamioientzako bide berria egitea proposatu dute

Anboto 2008ko mai. 15a, 11:17

Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunekin batzartuko dira udal arduradunak A-8 autobidearen hirugarren erreia egokitzeko lanen eraginez Garain aurreikusita duten hondakindegia dela-eta.

Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunekin batzartuko dira udal arduradunak A-8 autobidearen hirugarren erreia egokitzeko lanen eraginez Garain aurreikusita duten hondakindegia dela-eta.

Garaira doan bidetik egunean 600 kamioi igarotzea aurreikusi du Aldundiak, eta horren aurrean oraingo errepidearen paralelo joango litzakeen bigarren bat egokitzea proposatu du Udalak, kamioiek erabili dezaten. Hori jasoz alegazioa aurkeztu dute.

Gontzal Sarrigoitia alkateak azaldu duenez, “kamioi kopuru horren eraginez, litekeena da ibilgailuek auzoetako bideak erabiltzea —Momoitioko San Juanetik Iurretarakoa edo Milikuatik doana— eta ez dagoz horretarako prestatuta. Proposatu duguna da behin A-8ko lanak amaituta kamioientzako bide hori bidegorri bihurtzea, esaterako”. Aiartza auzoan aurreikusi dute hondakindegia; zehaztu gabe dago, baina, izan dezakeen azalera.

Gai hori hartuko dute maiatzaren 26rako lotu duten batzarrean. Bestalde, udaletxearen aurreko plazako lanekin lotuta herrigunea urbanizatu gura du Udalak. Udaletxearen albotik doan foru errepidearen zati bat konpondu gura dute. “Aldundiarena da, baina, eta konpondu dezan gura dugu, eta Udalaren esku uztea, abiadura leuntzeko neurriak hartzeko”, azaldu du alkateak. Horretarako aukerak ere aztertuko dituzte batzarrean.




ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!