San Anton Eguneko errematan 1.177 euro batu dituzte, inoizko gehien

Anboto 2008ko urt. 17a, 16:27

Inoiz baino jenero gehiago batu ditu San Anton eguneko errematak. Inoiz baino diru gehiago ere bai: 1.177 euro. Mezan batutakoa gehituta, 1.220 euro helaraziko dituzte Palenquera, Lanbide Heziketa zentroa egin dezaten.

Inoiz baino jenero gehiago batu ditu San Anton eguneko errematak. Inoiz baino diru gehiago ere bai: 1.177 euro. Mezan batutakoa gehituta, 1.220 euro helaraziko dituzte Palenquera, Lanbide Heziketa zentroa egin dezaten.

Meza amaitu orduko inguruko lurrak bedeinkatu dituzte usadioari eutsiz. Ondoren, erremata hasi dute. Ia 40 produktu lote izan dituzte enkantean hartzeko San Juan Ebanjelistaren elizpean batutako 60 bat lagunek.

Erraldetik ekarritako zazpi kiloko bildotsa, eta txorizo-sorta, ardao botila bi eta sukalderako egurrezko tresnek batutako loteagatik ordaindu dute gehien, 100na euro. Arrautza dozena 15 euro ordaindu dira, 52 euro txorizo sorta eta saiheskia, eta, odoloste sorta 32 euro; esnezko tostada platerkada 43 euro, 10 gatzatu pote eta baserriko ogia batu dituen lotea 22 euro, eta, gazta eta irasagarra 50 euro. Arto-irina ere 16 euroan hartu dute eta sagar-tarta 33 euroan. Esnea, ogia, sagardoa, intxaurrak, urdaia… denetarikoak izan dira.

Urkiolan be San Anton


Urkiolan ere hartu dute gogoan San Anton. Usadioari eutsiz, ogia eta barazkiak bedeinkatu dituzte Urkiolako Santutegian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!