
Kultur etxearen egitasmoa landu asmoz 38.070 euro gorde dituzte udal aurrekontuan: “16 urtera arteko gazteentzako lokalak dira, orain, kultur etxe lez duguna. Ez deritzogu egokiena. Gazteentzako kultur etxea egokitzeko aukera aztertu gura dugu”, azaldu dute udal arduradunek. Urteetan tokia ezin topatuta jardun dute, baina, azaldu dutenez, aukerako tokia aurkitu dute.
Bestalde, hirigintza lanekin lotuta, 100.000 euro bideratu dituzte: batetik, auzo-bideak konpontzeko 60.000 euro aurreikusi dituzte; eta, bestetik, udaletxe aurreko plazatxoa ere konpondu gura dute: “Aparkaleku berriaren eta udaletxearen artean dagoen zati bat urbanizatu gura dugu, udaletxe aurreko plazatxoa ez eze”, udal ordezkariek argitu dutenez. Azkenik, 12.000 bat euro gorde dituzte Herriko Tabernaren gainean beste pisu bi gehitzeko aukera dela-eta. “Sasoi baten, Herriko Tabernarekin lotutako hotela aitatu zen. Orain, baina, zer egiteko aukera dagoen ikusi gura dugu”.