Bere berbetan, garrantzitsua da Euskaraldiaren txapa eramatea, lagungarria delako euskaraz berba egin gura dutenak identifikatzeko: "Askotan inertzien menpe mugitzen gara. Haiekin beti erdaraz egin dugunez, erdarara jotzen dugu, baina izan daiteke euskaldundu izana urteekin. Txapa eramanez gero, gogo hori ikusi daiteke".
Euskaraldia hasi aurreko azken txanpan gaude. Prest aurtengo ediziorako?
Bai, gogotsu gaude. Gure bezeroetariko asko euskaldunak dira, baina beste batzuk ez. Askok, baina, euskaldunak izan arren erdarara jotzeko joera dute tabernan. Lan eremu honetan, aldaketa txiki batzuk lortuta helburuak beteta ditugula esan dezakedala uste dut.
Aurreko hiru edizioetan ere parte hartu duzue. Igarri duzue aldaketarik hizkuntza ohituretan?
Bai, jende baten aldetik bai. Dena dela, denbora pasatzen denean atzera egiten da batzuetan; beraz, ez dago sobran horrelako ekimenak berriro errepikatzea, aurrerapauso txiki horiek ostera eman ahal izateko. Aurrekoetan ere eman ziren, eta, beraz, posible da egitea. Aurreko urteetan hasitako bidea egiten jarraitu gura dugu. Aurreko urteetako edizioetan egindakoagaz pozik gaude, balorazio baikorra egiten dugu.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketan, zelako ekarpena egin dezake ostalaritza sektoreak?
Herritarrek sozializatzeko eta harremantzeko duten gune nagusia da ostalaritza, eta ostalariok horren parte gara. Hortaz, gugaz euskaraz egitea garrantzitsua dela uste dut. Norberak ostalariagaz euskaraz egiterakoan, euskarak duen berezko balio hori oraindino gehiago handitzen da, euskarak irabazi egiten du. Zure esparrutik harago ere, kalean pauso hori ematen duzulako; ez da bakarrik lagun artean edo familian euskaraz egin duzula, kalean ere egin daitekeela ikusi duzu. Egunerokorako gauza bat izan daitekeela ikusten da horrela, eta hori garrantzitsua da, normalizatu egin behar dugu, ikusi egin behar da, egunerokoan euskaraz aritzea egingarria dela. Tabernetan jende asko mugitzen da, eta, beraz, oso garrantzitsua da horietan ere euskaraz egin daitekeela ikustea. Adibidez, jende batek erdarara jotzen du barran eskatzerakoan, eta Euskaraldia oso baliagarria da ohitura horiek aldatzeko. Tabernetan, adibidez, Euskaraldian zehar zerbitzariok txapa ipinita dugula ikusita, bezeroa jakitun da badakigula euskaraz, edo behintzat prest gaudela euskaraz berba egiteko. Horrek lagundu egin dezake harremantzeko modua aldatzen.
Lehenengo berba euskaraz egiteak eragina du, beraz. Zelan animatuko zenituzke elorriarrak Euskaraldian parte hartzera?
Uste dut sarri gertatzen dela inertzietara lotuta jarraitzea. Adibidez, ez dakigu kalean betidanik ezagutzen dugun pertsona batek zer euskara maila duen edo zein hizkuntza ohitura duen. Eta horrek atzera botatzen gaitu. Betiko inertzietara lotzen garela esango nuke; jende bategaz beti euskarara jotzen dugu berba egiteko, eta beste bategaz, ostera, beti gaztelaniara. Eta bat-batean ikusten duzu horietariko batzuk txapa daramatela, marrazkian ahoa zein belarria, eta zeure artean diozu: 'aiba, ohitura aldatu dezaket'. Azken batean, klixeetara eta betiko kontuetara jotzen dugu, esan dudan moduan: beragaz beti erdaraz egin dudanez, erdalduna da. Baina, beharbada, euskalduntze bidean da, edo bide hori eginda du jada. Uste dut garrantzitsua dela kalean ikustea jendea zein neurriraino dagoen prest. Dudatan ibiltzen gara, normala den moduan, beti ez dakizulako jendeak zein ibilbide edo ohitura duen. Hortaz, jende askogaz erdarara jotzen da beti. Eta ez da aurreiritziengaitik bakarrik; izan daiteke beti erdaraz egin dugulako. Baina, agian, pertsona hori euskaldundu egin da, eta ez dakizu. Txapa ipinita badu, ostera, bidea hasi duela edo egiten dabilela ikusi dezakezu, eta horrek erraztu egiten du aldaketa. Beraz, garrantzitsua iruditzen zait txapa ipintzea eta jendeak txapa ikustea.