Euskaraldiaren 4. edizioa aurkeztu dute Elorrion

Anboto 2025ko urt. 24a, 10:39

Maiatzaren 15etik 25era egingo den Euskaraldian parte hartzera deitu dute.

‘Elkar mugituz egingo dugu’ lelopean dator aurtengo Euskaraldia. Martitzenean egin zen aurkezpena Iturri Kultur Etxean eta aurtengo edizioaren berritasunak azaltzeaz gain, Euskaraldirako prestatutako abestia ere aurkeztu zuten bertan. Data aldetik berritasunak egongo diren arren, Euskaraldiaren oinarria mantendu egingo da. Ahobizi eta belarriprest rolak hautatu beharko dira izena ematerakoan eta ariketak irauten duen 11 egunetan txapa soinean eramango da.

Hizkuntza ohituretan eragiteko asmoz, ariketa ​sozial honetan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da. Aurten ere, helburua, jendea modu naturalean parte hartzera gonbidatzea izango da. Elorrioko Udalak herritarrak animatu ditu Euskaraldiaren laugarren edizioan parte hartzera. Ekimena antolatzen lagundu nahi izanez gero 688641851 telefonora deitu daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!