EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu dituzte Elorrioko aurrekontuak

Anboto 2024ko aza. 28a, 12:44

Ia 10 milioi euroko aurrekontua onartu dute 2025erako, iazkoarekin alderatuta %3,57 igo da. EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartu da proposamena; Elkarrekin Podemos alderdiaren ordezkariak aurka bozkatu zuen. Lehenengo urrats bezala, kiroldegia berritzeko eta handitzeko proiektua idazten hastea adostu dute, eta 100.000 euro bideratuko dituzte horretarako; proiektuaren idazketa 2026ra arte luzatuko dela aurreikusten dute. 

Julene Lazkano Elorrioko alkateak EAJgaz adostasunera iristea nabarmendu du. "Aurrekontu hauek elorriarren bizi kalitatea hobetzeko tresna dira. Eta ulertzen dugu gainerako alderdien laguntzarekin egin behar dugula; horregatik, ahalegin horrek fruituak eman ditu", azaldu du. EAJk akordioa "historikotzat" jo du. "Udal politikan garai berri bat markatzen du, eta kajoi batean ahaztuta zeuden proiektuak gauzatzea ahalbidetuko du". Konpromisoak beste proiektu batzuk ere aurreikusten ditu, hala nola, Kurutziagan biribilgunea eraikitzea edo San Pio kalea berrurbanizatzea; lan hauek bi milioi euro inguruko kostua dutenez, banku kreditu baten bidez finantzatuko direla azaldu du udalak. bestalde, Elizalden eguzki plakak instalatzea ere jasotzen dute aurrekontuek. "Ez dugu ahaztu behar testuinguru sozialak zenbait arlotako gastuei eragiten diela: eraikin publikoak garbitzera bideratutako aurrekontu partidaren gehikuntzak (%40 inguru, guztira 810.000 euro urtean), eta Amankomunazgoaren gizarte-beharrak ordaintzeko egin beharko dugun ekarpenaren igoerak zuzenean eragingo diote inbertsio-ahalmenarigoera. Hala ere, ekonomiko onak aukera emango digu zorpetzearen bidez inbertsio garrantzitsuak egiteko". 

Osasungintza publikoaren alde

Bestalde, udabaltzak Osasungintza Publikoaren Aldeko Plataformaren  mozioa ere onartu zuen, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin zen. Udalak, beraz, Elorriori dagokion lan plantila exijitzeko, edota Osakidetzaren eta euskal osasun publikoaren aldeko mobilizazioetan parte hartzeko konpromisoa hartu du, besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!