Kirol-elementuak jarriko dituzte Ganondon abuztua eta iraila bitartean

Anboto 2024ko uzt. 24a, 12:55

Iazko aurrekontu parte-hartzaileetako proiektu irabazlea errealitate izango da irailean. Cuat-sarea, bi ping-pong mahai eta Kalistenia zirkuitua egokituko dira Ganondo parkean.

2024ko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan elorriarren aldetik babes handiena jaso zuen egitasmoa natura, jolas eta kirol-elementuak instalatzea izan zen. Kokagunea Ganondo parkea izango da eta abuztuan hasiko dira lanak, bi hilabeteko epearen barruan.

Hiru kirol-elementu izango ditu guneak: Cuat-sarea, ping-pong mahaiak eta Kalistenia zirkuitua. Abuztu hasieran jarriko dituzte Cuat-sarea eta bi ping-pong mahaiak, eta irailean, berriz, Kalistenia zirkuitua.

Hala, udalerriak aire-libreko kirol-egitura berriak izango ditu. Cuat-sarea eskalada, arintasuna eta oreka lantzeko erabiltzen den soka-sistema da, eta indarra, koordinazioa eta autoestimua indartzea ahalbidetzen du. Ping-pong mahaiak eskaera handiko aisialdi-elementuak dira gazteen aldetik. Kalistenia zirkuitua, ostera, barraz osatuta dago eta giharrak higitzeko eta gorputza kontrolatzeko ariketak proposatzen ditu. Entrenamendu funtzionalerako espazioa da, flexioak, eserialdiak, besozko altxaldiak edota abdominalak egiteko aproposa. Irudian erakusten denaren antzeko zirkuitua izango da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!