Elorrioko Eskola Publikoko eta Institutuko Guraso Elkarteak prentsaurrekoa eman du hiru familiak bizi duten egoera ezagutzera emateko. 2024-2025 ikasturterako matrikulak esleitu ditu Eusko Jaurlaritzak eta guraso elkarteak dioenez, ukatu egin zaie herriko 3 familiei Elorrioko Eskola Publikoan berain seme-alabaren ikasle plaza. Prentsaurrean azaldu dutenez, "kontuan izan behar dugu, matrikula eskatu den ikastetxeak, Elorrioko Eskola Publikoak, jasotako eta bete ez diren eskaera guztiak onartzeko adina plaza dituela. Beraz, ez da justifikatzen norbait ez onartzea, ezta eskatu ez den ikastetxe batera bideratzea ere. Gure ikastetxea eskola publikoa da. Familia guztiak onartuak izan behar dira eta horrela izatea nahi dugu; ezin da familiarik kanpoan utzi".
Era berean, Hezkuntza Lege berria gogor kritikatu dute. "Hezkuntza Lege berriari ezezko borobila esaten diogu. Gertatu berri dena, bulego batean hartutako erabakia da eta berau, legearen ondorioetako bat da. Elorrioko Eskola Publikoko eta Elorrioko Institutuko Guraso Elkarteak ez dugu onartuko 3 familia horiek gure ikastetxean onartuak ez izatea eta gure babesa eta laguntza adierazten diegu kaltetutako familiei", gaineratu dute.