[BIDEOA]: Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiari azken agurra egin diote Elorrioko basilikan

Ekaitz Herrera 2024ko api. 10a, 20:44

Politikari ugari bertaratu dira senideei eta gertukoei doluminak eman eta lehendakari ohiari azken agurra ematera.

Elorrioko Sortzez Garbiaren basilika txiki geratu da Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiaren omenezko hileta elizkizunean. Ehunka herritar joan dira sorterrikide izan duten politikariari azken agurra egitera eta senideei zein gertukoei doluminak ematera. Era berean, ordezkaritza politiko zabala batu da elizan. Alderdikidea zuten EAJko kide ugari egon dira bertan. Bai eskualdekoak, bai eskualdetik kanpokoak. Bertaratu direnen artean egon dira Iñigo Urkullu lehendakaria; Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia; Patxi Lopez lehendakari ohia; Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidentea; Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea; Unai Hualde Nafarroako Legebiltzarreko presidentea; Juan Mari Aburto Bilboko alkatea; Eneko Goia Donostiako alkatea; Juan Mari Atutxa, Ardanzak agindutako legealdi bitan segurtasun sailburua izandakoa; Josu Erkoreka egungo segurtasun sailburua edota Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramailea. 

Durangaldeko politikarien artean honako hauek egon dira besteak beste: Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobe, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduy, Elorrioko alkate Julene Lazkano, Elorrioko zinegotzi Mikel Arruabarrena, Durangoko alkate Mireia Elkoroiribe eta Durangoko zinegotzi Josune Escota.

Hil kapera Ajuria Enean

Hiletaren aurretik, goizean, hil kapera ipini dute Ajuria Enean. Ohore guztiekin eta ikurrin batek estalita heldu da hilkutxa Gasteizera. Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Ardanzak "euskal gizarteagazko entrega eta konpromiso ereduaren ondarea" utzi duela. Senitarteko eta gertukoei doluminak adierazi ondoren, haren ibilbide pertsonala eta politikoa nabarmendu ditu Urkulluk. Ardanzaren hiru ezaugarri azpimarratu ditu: krisi ekonomiko sakonetik ateratzeko eginiko "etenik bako lana", bakearen aldeko "borroka nekaezina", eta "desberdintasunen gainetik elkarrizketa bultzatzeko gaitasuna". Ardanzaren "konpromisoa" eta euskal gizarteari eginiko "ekarpen luze eta zabala" azaldu ditu Urkulluk. Ardanza "lehen mailako erreferente politiko eta instituzionala" izan da Jaurlaritzan emandako 14 urteetan (1985-1999), Urkulluk dioenez.

Ibilbide luzea

Ardanza 1985etik 1999ra bitartean izan zen lehendakari, Carlos Garaikoetxearen lekukoa hartuta. Aurretik, alkate izan zen Arrasaten (Gipuzkoa), Franco hil osteko lehenengo hauteskundeetan. Gipuzkoako ahaldun nagusia ere izan zen. Lehendakari ohiaren heriotza ezagutzeagaz batera, Ardanzak euskal politikagintzan utziriko lorratza nabarmendu dute hainbatek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!