Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia hil da

Anboto 2024ko api. 8a, 15:39

1941ean Elorrion jaioa, Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan zen lau legealditan, hamalau urtez. 1985etik 1999ra.

Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia hil da gaur, EAJk bere sare sozialetan jakinarazi duenez.  82 urterekin hil da Gautegiz-Arteagako bere etxean, Busturialdean. Ardanza 1941ean jaio zen Elorrion. Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean eta Laboral Kutxan egin zuen lan lege aholkulari modura. 1979ean ekin zion bere ibilbide politikoari, Arrasaten, alkate zela. Legegintzaldi bakarra egin zuen han. 1983an Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izendatu zuten. Handik urte bira, EAJren eta Eusko Alkartasunaren arteko banaketa gertatu zenean, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren lekukoa hartu zuen. Hamalau urtez egon zen agintean, 1985etik 1999ra. Ardanza izan da Eusko Jaurlaritzaren historian urte gehien lehendakaritzan egin dituen politikaria. 1999an, Juan Jose Ibarretxe izendatu zuten lehendakari. Ardanza Euskalteleko presidente izatera igaro zen. 

Adierazpen instituzionala

Elorrioko Udalak, bestalde, Ardanzaren senideei lagunei eta alderdikideei doluminak helarazi gura izan dizkie adierazpen instituzional batekin. "Elorriotik kanpora bizi izanagatik ere, oso lotura estua izan zuen gure udalerriarekin". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!