Eroskiko biltegian azpikontrataturiko langileek greba egingo dute "prekarietatearekin amaitzeko"

Ekaitz Herrera 2023ko abe. 5a, 12:44

Elorrioko biltegian Cecosa Hipermercados SL enpresa azpi kontratatuagaz lan egiten duten beharginek greba egingo dute astelehenetik zapatura bitartean. ELA eta LAB sindikatuek deitu dute lanuztera. Egoerak 130 langileri eragiten diela azaldu dute. 

ELA eta LAB sindikatuek ohar bidez jakinarazi dutenez, Eroskiko biltegian azpikontrataturik lan egiten duten beharginek, Cecosa Hipermercados SL enpresagaz lan egiten dutenek, greba egingo dute datorren astean. Abenduaren 11tik 16ra bitartean egingo dute lanuztea. Sei egun natural dira, baina biltegiko txandakako lanak direla eta grebak bost eguneko iraupena izango du. Sindikatuek azaldu dutenez, 130 langile daude protestara deituta: "Gehienak gizon arrazalizatuak dira, eta urteak daramatzate soldata minimoak kobratzen, txandaka eta jai egunetan lan egiten, zama handiak manipulatzen eta atseden egunetan lan egitera behartuak izaten". Hori dela eta, grebaren helburua "prekarietatearekin amaitzea" dela zehaztu dute.

Sindikatuek gaineratu dutenez, hau guztia maiatzetik dator, Cecosa Hipermercados enpresan "lehen aldiz" hauteskunde sindikalak egin zirenetik (6 ordezkari ditu ELAk eta 3 LABek). "Langileen baldintza latzak aztertzeko enpresarekin hainbat bilera egin ondoren eta hobekuntzarik lortu ezean", enpresa komiteak 5 eguneko greba deitzea erabaki du.

"Estatalizazioa" eta Bizkaiko hitzarmena

Langileek bizi duten "prekarietate" horren guztiaren atzean "estatalizazioa" dagoela diote sindikatuek. Hau da, "CCOO eta UGT sindikatuek aurten sinatutako Biltegi Handien hitzarmena". ELAk eta LABek diotenez, itun horren ondorioz, beharginen lan baldintzak "oso urrun" daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako supermerkatuetako lan hitzarmenetk. Hori dela eta, Bizkaiko Elikaduraren Hitzarmena aplikatu dadin eskatu dute ELAk eta LABek. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!