Haurreskolako eraikina eta HAPOa aurrekontuetako inbertsiorik nagusienak Elorrion

Maialen Zuazubiskar 2023ko aza. 28a, 10:05

Joan zen eguenean 2024ko aurrekontuak onartu zituzten Elorrioko Udalean, EH Bilduren eta Elkarrekin-Podemosen aldeko bozkagaz. EAJk aurrekontuen kontra bozkatu zuen. 

Elorrioko Udalak 9.582.777 euroko aurrekontua izango du 2024an, aurten baino %5,46 handiagoa. Julene Lazkano alkateak bilkuran jakitera eman zuenez, aurrekontu hauek elorriarren "bizikalitatea hobetzeko" bidea dira. Gainera, udalaren egoera oso ona dela azaldu zuten, zorpetze maila baxua duelako, %2,1eko zorpetze maila, legeak muga gisa ezartzen duen %60tik oso urrun. 

2024ko aurrekontua hiru gai nagusik baldintzatzen dituztela jakitera eman zuen Maria Herrero ogasuneko arduradunak. Alde batetik, elektrizitatearen eta erregaien prezioaren igoerak (bataz beste %65), eta, bestetik, aurrekontuak jasotzen dituzten bi inbertsio nagusiek: Haurreskolaren eraikinak eta HAPOren idazketak. Haurreskolaren proiekturako 333.076 euro bideratuko dituzte, eta HAPOren idazketarako 119.364 euro. "Haurreskolaren obra 2024an amaituko da, zorpetzerik gabe. Eta HAPOren idazketaren gastu osoaren zatirik handiena datorren urtean amortizatuko da", jakitera eman zuten. 

Horrez gain, San Pio kaleko eta Kurutziagako biribilguneko proiektuen lanketari jarraipena emango zaiola 2024an jakitera eman zuten, sei apartamentu sozialen eraikuntza egingo dela Goietan, Urkizuaran kaleko urbanizazioa egingo dela, irisgarritasun plan berria egingo dela eta brigadentzako ibilgailu berriak erosiko direla, besteak beste. 

Bestalde, 2024ko aurrekontuak aurreko legegintzaldiei jarraipena ematen dien aurrekontuak direla azaldu zuten gobernu taldekoek. "Arlo publikoa defendatzea, gizarte-zerbitzuetan eta programetan inbertitzea, kultura-taldeei, kirol-taldeei, zailtasunak dituzten pertsonei eta familiei dirulaguntzak ematen jarraitzearen aldeko apustua egingo dugu, besteak beste", esan zuen Herrerok. 

Elkarrekin Podemos alde, EAJ kontra
Elkarrekin Podemoseko Joseba Andoni Fernandezek aurrekontuen aldeko bozka eman zuen: "Aurrekontuen alde gaude, nahiko gauza ditugu komunean eta".

EAJko kideek ostera aurrekontuen kontra egin zuten. "Asmo onagaz heldu zineten, baina asmoetan gelditzen zarete. Guk proiektuak hasi eta amaitzen ditugu. Udalari martxa bat edo bi kendu dizkiozue", kritikatu zuen Arruabarrenak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!