2011az geroztik berritu gabe dagoen HAPOa berritzeko lanean hasi da Elorrioko Udala. Lur studioren laguntzagaz udalerri osoaren antolamendu integralerako oinarrizkoa den tresna lantzen ari dira. "Gura dugun Elorrio eraikitzeko tresna berrizten hasi gara. Goitik behera erredaktatuko dugu", azaldu du Julene Lazkano allkateak asteon emandako prentsaurrekoan. Maria Herrero Hirigintza arloko zinegotziak, berriz, prozesu luzea izango dela adierazi du, eta herritarren parte hartzea "ezinbestekoa" izango dela. "Prozesua luzea izango da, eta behin betikoa onartu arte, 2011ko HAPOa egongo da indarrean", esan du Herrerok.
HAPOa berritzerakoan, herritarren parte hartzea "ezinbestekoa" da, eta hori bultzatzeko hainbat ekintza egingo dituzte: alde batetik hapo-elorrio.eus webgunea martxan jarri dute, eta bertan herritarrek online inkesta bat egin ahalko dute. Inkesta hau urtarrilaren 20ra arte egongo da martxan, eta anonimoa izango da. Bestetik, azaroaren 29an, 18:30ean Arriolan jendeaurreko hitzaldia egingo dute. Eta bukatzeko, banakako eta taldeko elkarrizketak eta ibilaldiak egingo dituzte, abenduan eta urtarrilean.
Gainera, Herrerok jakitera eman du, ikerketa talde bat egongo dela, HAPOaren diagnostikoa egiteko. 12 lagunez osatutako talde anitza.