Eguneko Zentroa Elorrion, JA!

Elorrioko Pentsiodunen Mugimendua 2023ko aza. 11a, 08:30

Bizkaiako Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako ahaldun nagusi zaren hori:

Elorrioko Pentsionisten mugimenduaren izenean zugana jotzen dugu gutun ireki honen bidez, Elorrion eguneko zentroaren gabezia salatzeko asmoz. Urteak daramatzagu eguneko zentroa edukitzearen premia aldarrikatzen. Bide batez esan beharra dago, bertoko talde politiko guztiek aldarrikatzen dutela gauza bera hauteskunde kanpainetan.

Pentsionista Mugimendu gisa, herrian 1.150 sinadura bildu ondoren, eguneko zentroa gauzatzearen aldeko mozioa aurkeztu genuen udal osoko bilkuran. Mozioa onartua izan zen EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin eta PNVren abstentzioarekin.

Bozketa bera berronartua izan zen geroagoko beste udal osoko bilkura batean. Esan beharra baita ere PNVk zentroaren alde egin zuela hauteskunde kanpainan.

Horren harira, alkatetzak Aldundiko arlo horretako arduradunarekin batzarra eskatu zuen.

Batzarra egin zen Murillo jauna Aldundiko arduradunaren, Idoia Buruaga alkatearen, María Herreros alkateordearen eta pentsiodun baten partaidetzarekin.

Batzarraren ondorio bakarra, estudio bat egin behar zela jakin ahal izateko, Elorrion zentroaren premia ote zegoen ala ez, Murillo jaunaren esanetan. Ba, estudio delakoa Elorrioko udal gobernuko taldeak martxan jarri zuen G.P.S. enpresaren eskutik, urte honetako martxoan, hain zuzen ere.

Estudioa gauzatzeko, Aldundiak ez zuen eskaini ez oinarrizko daturik ez eta inolako laguntzarik ere.

Datu esanguratsuenak aipatzearren, gaur egun Elorrion 1.715 pertsona daude 65 urtetik gorakoak, eta 125 pertsona 2- 3 graduko dependentziarekin. Bizkaia osoan bi herri baino ez daude tamaina honetako datuekin eguneko zentrorik gabe: Sopela eta Elorrio.

Datu horiek eta estudioa eskuetan, herriko hautetsiek batzar bat izan dute Amaia Antxustegi Aldundiko arduradunarekin, eta ezezkoarekin jarraitzen du, esanez “badagoela zentroa Durangon.”

Bai ba, jakina! Eta Bilbon, Elgetan, Eskoriatzan... Soberako hitzak. Elorrio honetan egunero jasaten ari gara Igurian, Pullan... inguru guztian, Abiadura Handiko Trena delakoaren triskantza inongo kontrolik gabe eta dirua kamioikadaka xahutzen; beraz, ez goaz onartzera eguneko zentrorik ez izatea Elorrion.

Bizitza osoan zehar, pertsona oro zaintzeko eta zaindua izateko dugun eskubidea defendatzera goaz.

Horretan datza hain zuzen ere administrazioak darabilen leloa, hots: “Euskadi bien común”, “Euskadi auzolana”, horren erabilia, non mamia kendu dioten. Aurrera Elorrion eguneko zentroa lortu arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!