Elkarrizketa politikoak

"Lanean jarraituko dugu udalaren aldetik eguneko zentroaren inguruko eskaera oso irmoa delako”

Jone Guenetxea 2023ko urr. 27a, 09:20

Elorrioko alkate Julene Lazkanok (Elorrio, 1985) Montorra Plana, haurreskolaren eraberritzea zein arlo sozialeko proiektuak azpimarratu ditu herrian martxan ipiniriko proiektuen artean. Osasun eta zaintza arloan, osasungintzaren errefortzua eta eguneko zentro baten beharrizana nabarmendu ditu.

Zelan alkate karguan?
Ondo gabiltza, lan askogaz. Inplikazio eta ardura asko suposatzen du. Oso kontziente naiz oraindino asko dudala ikasteko, baina oso lantalde ona daukat eta langileak beti daude laguntzeko prest. Horrek leundu egiten du bidea.

Zeintzuk dira legegintzaldi honetarako erronkak?
Denbora batetik hona esaten gabiltzan moduan, etxebizitza arazoa da erronkarik handienetariko bat. Ez da bide erraza izango, baina oraintsu Montorra Plana onartu dugu, behin betiko. Eremu horretan 140 etxebizitza daude proiektatuta. Horietatik 70 sozialak izango lirateke. Batez ere gazteei begira oso aukera polita ikusten dugu, badakigulako oso gatx dutela gurasoen etxetik irtetea. 70 etxebizitza sozial horietatik 30 tasatuak izango dira, eta besteak babes ofizialekoak. Aurreikusita ditugun gainerako proiektu garrantzitsuak Kurutziagako biribilgunea egitea, haurreskola eraberritzea, San Pio kalea eraberritzea eta HAPOa berrikustea dira. Proiektu potolo hauei, arlo sozialean egiten gabiltzan lana gehitu behar zaie. Ez dugu erronka makala. Bestalde, jendeak, askotan, hirigintza proiektuak baino ez ditu nabarmentzen. Horregaitik, gizarte arloko zenbait egitasmo ere nabarmendu gura nituzke. Esaterako, Herrizaintza, Herri Lagunkoia edo alfabetatze klaseak. Zaintza arloan martxan ipiniriko proiektuak oso azpimarragarriak dira.

Montorra Plana aipatu duzu. Zer suposatuko du Elorriorentzat?
Orain paperak prestatu ditugu, etorkizunean promotoraren batek hor sartu gura balu. Tramite aldetik egitasmoa erraztea zen gure borondate politikoa. Gune horren berrurbanizazioa eragingo luke Ganondo parketik haruntz. Baina, bidea zabaldu dugun arren, tramite hauek luze joko dute.

Zein egoeratan dago osasungintza Elorrion? Pediatria zerbitzuan kexak izan dira.
Aurreko legegintzaldi amaierako egoera berean gaude. Osasun Sailari idatzi bi helarazi genizkion, zerbitzu publikoen beherakada bizi dugula azaltzeko. Elorrioren moduko herri batek beste modu bateko pediatria zerbitzua izan behar lukeela uste dugu. Ateak jotzen jarraituko dugu, arazoa ez delako konpondu eta aldarrikapen hau behar-beharrezkoa delako.

Eguneko zentroaren eskaeragaz joan zineten Bizkaiko Foru Aldundira, baina ezezkoa jaso duzue.
Urte askoan Elorrion eguneko zentroa eskatzen gabiltza. Aurreko legegintzaldian birritan joan ziren diputatuarengana eskari honegaz. Irailean ere berriro joan gara. Elorrion eguneko zentroa gura dugu, baldintzak betetzen ditugulako. Bizkaian gure ezaugarriak dituzten herriek badute zerbitzu hau. Sopela eta Elorrio dira ezaugarri beretsuko herrien artean eguneko zentroa ez duten herri bakarrak. Aurreko diputatuagaz ikerketa bat egiteko konpromisoa hartu genuen. Kanpoko enpresa batek eginiko ikerketak argi eta garbi ondorioztatzen du ditugun baldintzekin Elorrion oso bideragarria izango litzatekeela. Ikerketa Aldundiari eraman genion eta, gainera, gure eraikinak euren eskura ipini genituen. Ezezko borobila jaso genuen, zerbitzu hori Durangon zentralizatzen dutela argudiatuta. Nahikoa plaza dagoela diote. Guk uste dugu ez dela horrela. Elorrioko jende nagusiak ez du Durangora joan gura, dependentzia maila handia dutelako eta bidaia hori ez delako erosoa. Uste dugu zerbitzua bertan egongo balitz askok emango luketela izena. Lanean jarraituko dugu, gure eskaera oso irmoa delako. Kalean ere badago mugimendu sozial bat gai honegaz oso kontzientziatuta.

AHTko obrek bete-betean eragin dute Elorrion.
Herrian egunerokoan ez dugu ikusten, baina Iguria eta Aidazu auzoetako bizilagunak sufritzen dabiltzanak ez du izenik.

Zer transmititu dizute Iguriako eta Aidazuko auzokideek? Zer bizitzen dabiltza?
Oso momentu gogorra bizitzen dabiltza obrak hasi direnetik. Etsipenez bizi dute egoera. Eragozpen handiak dituzte. Oso desatsegina da, alde guztietatik. Hartu-eman zuzena dugu auzokideekin. Udalak aholkularitza zerbitzu bat ipini du bizilagunen eskura, edozein kexa tramitatzeko. Eragozpenak infinituak dira egunerokoan auzotarrentzat. Aholkulariak bitartekari lana egiten du, kexak bideratuta. Jarraipena ere egiten du, eta apurtxo bat lagundu ere bai. Bestalde, handik pasatzeak bihotzeko mina ematen du; hainbeste milioi hor xahututa ikustea, gainerako esparruetan hainbeste premia ikusten dugunean. 

Iguria auzoko bizilagunek badute beste aldarrikapen bat ere: oinezko bide irisgarri eta seguru bat. Joan zen legegintzaldiko osoko bilkura batean mozioa aurkeztu zuten, bide seguru bat eskatzeko. Zertan da gai hori?
Eskaera historiko bat da eta hartu-eman zuzena dugu auzokideekin. Bizkaiko Foru Aldundira jo dugu, eta joan zen hilean Azpiegitura diputatuagaz izan ginen gai honetaz berba egiteko. Pasabide bat eraikitzeko aukerarik badagoen aztertzen gabiltza. Pasagune horren kostua milioi bat eurotik gorakoa izango litzateke eta Elorrioko Udalak ez dauka ahalmen ekonomikorik horretarako. Gainera, kontuan izan behar da errepide hori Aldundiarena dela. Uste dugu obra hori Aldundiak egin beharko lukeela. Auzotarrek ere horrela ikusten dute. Alde horretatik, indarra egiten jarraitu beharko dugu.

Momentu honetan, zein egoera bizi dute auzokideek?
Oinezbide seguru bat edukitzeko, lehenengo eta behin bidea gurutzatu behar da. Mendate bat eta saihesbide bat lotzen dituen puntua da, oso leku delikatua. Dagokionari eskaera egiten jarraituko dugu, eskumen hori ez delako gurea. Hobekuntza lez, Urkizuaran kalean espaloia eta bide berria egin behar dira, San Anton ermitatik Maderas Gallastegiraino. Badakigu oinezbide hori ez dela irtenbidea, baina, behin bidea zeharkatuta, zati luze batean askoz ere modu seguruagoan etorri ahal izango da.

Elorrioko Udalak Galdakaoko ospitalera eta Leioako Campusera doazen autobus lineak hobetzeko eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari. Izan duzue erantzunik?
Bizkaiko Foru Aldundiak segituan bidali zuen erantzuna, baina ez zen guk espero genuen besteko ona. Ikasturte berriagaz batera, berriro hartu-emanean ipini ginen garraio zuzendariagaz. Leioako Campusera doazen ikasleekin gertatu da bereziki, Campuserako lotura hori galdu egiten zutelako. Goiz jaiki, Durangora autobusean joan, eta Durangoko geltokira heltzeagaz batera musturren aurrean galtzen zuten unibertsitaterako autobusa. Arazoa konpontzen ahaleginduko zirela erantzun ziguten. Bestalde, Galdakaoko linea ondo dabil.

Komertzio txikia zarratzen ari da eta erreleboa aurkitzea geroago eta gatxagoa da. 
Herrian geroago eta komertzio gutxiago dago, eta horrek pena ematen du. Aurreko legegintzaldian konpromiso batzuk hartu ziren, diru laguntza batzuk sortuta komertzio berriei bultzada emateko. Oso ondo baloraturiko diru laguntzak dira gainera. Egon dira eskaerak, eta dena banatzen da.

Baduzue hartu-emanik EME merkatarien elkartegaz?
Merkatari elkarteagaz hitzarmen zehatz bat dugu. Bonuak ere banatzen ditugu. Gai honetan indar handia egiten dugu, herriko komertzioa bultzatzeko helburuagaz.

Bonu kanpainek ondo funtzionatzen dute?
Oso harrera ona duten kanpainak izaten dira. Urteak daramatzagu bonu denden zerbitzua ematen Elorrion. Modu diferenteetara egin izan dugu. Lehen, udaletxean banatzen genituen bonuak, eta bakoitzak gura zuen komertzioan gastatzen zituen, baina ez zen justua komertzioekiko. Gero, sistema hori irauli egin genuen eta dendei bonu kopuru zehatz bat banatu genien bezeroen artean zabaltzeko.

Zelan dago haurreskolako proiektua?
Aurten hasi dituzte obrak, eta guztiz eraberrituko da, premia handia zuen eraikuntza delako. Hasieran, 1,6 milioi euroko inbertsioa aurreikusita zegoen. Baina obretako materiala asko garestitu denez, proiektua bera ere garestitu da, eta orain 2,1 milioi euroko aurrekontua dugu. Obrak martxa onean doaz eta datorren ikasturtea bertan hastea espero dugu.

Diru laguntza garrantzitsua eskuratu duzue haurreskola eraberritzeko.
Zorionez, haurreskolako proiektua lehenengo postuan geratu zen Europako funtsetara aurkezturiko estatuko proiektuen artean. Elorrioko Udalak lan bikaina egin zuen, bai mahai teknikoan baita Maria Herrero zinegotziak ere. Hezkuntza komunitateagaz ere oso lan sakona egin dugu. Horrela, 1,3 milioi euroko diru laguntza lortu genuen.

Aurtengoa alkate legez bizi izan duzun lehenengo Berrio-Otxoa Eguna izan da. Tradizioa aldatzea erabaki duzue. Zein hausnarketa egin duzue gai honen inguruan?
Ikusten genuen badela garaia 2023an udala, instituzio legez, eta eliza bereizteko. Ez genuen uste alkateak eta korporazioak kalejiran aginte makilagaz joan behar zutenik mezara. Elizari errespetu handia diogu, eta uste dugu bertara benetan sinesten delako joan behar dela. Aurrelanketa egin genuen parrokoagaz, eta baita Berri-Otxoa kofradiako kide bategaz ere. Dena azaldu genien eta oso ondo hartu zuten gure iritzia. Oso iritzi koherentea genuela esan ziguten.

Herritar talde batek katu kaleen elikadura kudeatzen du. Udala konforme dago zerbitzu horregaz?
Bai, konforme dago. Boluntario talde bat izanda, azpimarratzeko moduko lana egiten dutela uste dugu. Zaintzeko moduko proiektua da. Beharrezkoa da, kale katuen kontrol bat beharrezkoa delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!