Elorrixoko Kale Katuak elkarteak kide bati egindako erasoa salatu du

Anboto 2023ko uzt. 21a, 17:14

Erasoa jasan zuen pertsonak salaketa jarri du Elorrioko udaltzaingoan. Elorrixoko Kale Katuak elkarteak nabarmendu du gertakari "larria" eta "onartezina" dela eta premiazko batzarra eskatu du alkateordearekin.

Elorrixoko Kale Katuak elkarteko kide batek erasoa jasan zuen atzo Elorrion, Argiñeta etorbidean dagoen udalak baimendutako pertsonek zaindutako katu koloniatik metro gutxira. "Erasoa jasan zuen pertsona kolonia horretako katu bati botika ematera joan zen,  gaixorik dagoelako. Eta horretarako, baimendutako janlekutik metro batzuk aldendu zen. Orduan egiin zioten eraso", azaldu dute Elorrixoko Kale Katuak elkarteko kideek. "Esan behar da kaleko katuei jaten emateko udalak baimendutako pertsona bat dela, eta udaltzaingoan ere abisua emanda zegoela". Argitu dutenez, "eskuan zeraman beirazko potea apurtu zioten eta fisikoki eraso egin". Elorrixoko Kale Katuak elkartetik jakin eragin dutenez, udaltzaingoan salaketa jarri du erasotuak.

Elorrixoko Kale Katuak elkartekoen berbetan, "badaude kaleko katuei jaten ematearekin bat ez datozen herritarrak, eta elkarteko kideek irainak eta mehatxuak jasan izan dituzte. Toki gatazkatsua da hori Elorrion. Hala ere, atzo, eraso egitera heldu ziren. Gertakari larria eta onartezina da. Ezin da horrelakorik berriz gertatu", salatu dute.

Udaleko ingurumen teknikariarekin harremanetan daude atzotik, Iguriak gaineratu dutenez, eta premiazko batzarra eskatu diote Elorrioko alkateordeari "arazoari irtenbide bat topatzeko".

Elkarrekin Podemosen gaitzespena

Elorrioko Elkarrekin Podemos udal taldeak gertakariak gaitzetsi ditu. "Ez dugu onartuko gisa honetako beste gertakaririk, eta gure babesa eskaini gura diogu erasoa jasan duen Elorrixoko Kale Katuak elkarteko kideari", azaldu dutenez. Era berean, gertatutakoa "arbuiatzeko" eta "gaitzesteko" adierazpen instituzional bat eskatu die udaleko gainontzeko taldeei. Gertaera salatzeko elkarretaratzea egitea eta horrelako gertakaririk ez errepikatzeko neurriak hartzea ere eskatu diete.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!