Orain arte tradizioa izan da Berrio-Otxoa Egunean. Instituzioetako arduradunek Elorrioko alkatea buru zutela kalejira egiten zuten udaletxetik elizara. Alkateak aginte makila eramaten zuen eskuetan. Behin elizara helduta, mezan geratzen ziren. Bada, EH Bilduren gobernu berriak tradizio hori aldatzea erabaki du. Julene Lazkano alkateak azaldu duenez, "Berrio-Otxoa Eguneko alde politikoa eta erlijiosoa bereiztea" erabaki dute. "Ez dugu Berrio-Otxoa Eguneko elizkizunean parte hartzeko deialdirik egin. Hala ere, joan gura duena parte hartzera animatzen dugu", azaldu du alkateak. Lazkanok azaldu duenez, udaleko gainerako alderdiei erabaki politiko horren berri eman zien jai egun honen aurretik.
Bestalde, gaur goizeko elizkizunak hainbat herritar batu ditu. Bertan izan dira Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohia, Mikel Arruabarrena Elorrioko EAJko zinegotzia eta Carlos García Durangoko PPko zinegotzia.