Julene Lazkanok sei boto jaso ditu eta EAJko Mikel Arruabarrenak beste sei. Podemos-Ezker Anitza-IU-Aliantza Berdea koalizioko Joseba Andoni Fernandez, berriz, abstenitu egin da. Beraz, seinako berdinketa eman da. Baina hauteskundeetan EH Bildu izan denez zerrendarik bozkatuena, Julene Lazkanok hartu du alkate kargua.
"Eskerrik asko Elorrioko herriari gugan jarritako konfiantzagaitik", esanez agurtu ditu udalbatzan batutako herritarrak alkate berriak. "Elorrio maite dugulako gaude gaur hemen eta arduraz, konpromisoz, ilusioz eta indarrez egingo dugu lan hurrengo lau urteetan", gehitu du. Oposizioko alderdiei "ardura" eta "jarrera eraikitzailea" eskatu die, "hori baita Elorrio hobe bat lortzeko biderik zintzoena". Idoia Buruagari "bihotzez eskerrak" eman dizkio herriaren alde egindako lan guztiagatik.
Mikel Arruabarrenak Lazkano zorionduz hasi du bere berbaldia. "Zorterik onena opa dizut hurrengo lau urteetan, hori Elorriorentzako ona izango delako". Oposizioa "erantzukizunez" eta "zorroztasunez" egingo dutela aurreratu du. "Ondo egiten dena txalotu egingo dugu, baina txarto egiten dena kritikatu egingo dugu, beti ere proposamen bat eginez eta herritarrei alternatiba bat eskainiz". Azkenik, aurreko legegintzaldiko zinegotziak goraipatu ditu egindako "lan bikainagaitik".
Joseba Andoni Fernandezek oposizio "eraikitzailea" egingo duela adierazi du eta legegintzaldiko erronka nagusiak zerrendatu ditu. Azkenik, zinegotzi izandakoak gogoratu ditu euren dedikazioagaitik.
Elorrioko udalbatza osatzen dutenen familia argazkia.