Udal eta foru hauteskundeak

Duela zortzi urte hasitako herri proiektuagaz jarraitzeko alkatetza berrestea gura duela aldarrikatu du EH Bilduk Elorrion

Anboto 2023ko mai. 16a, 19:58

Ekitaldi jendetsua egin du EH Bilduk Elorrion. Herritar ugari batu ditu herriko plazan, eta besteak beste, Iker Casanova legebiltzarkideak eta Arkaitz Rodriguez Sortuko kide eta legebiltzarkideak hartu dute berba, baita Julene Lazkano Elorrioko alkategaiak ere.

Lazkanoren berbetan, EH Bilduk alkatetza berretsi gura du, azken bi legegintzaldietan hasitako proiektuari jarraipena emateko. Besteak beste, gazteek etxebizitza topatzeko duten arazoa konpontzea lehentasunezkoa dela azaldu du, baita, Elorriok herri bizi bat izaten jarraitzeko lan egingo dutela. 

Casanovak, ostera, Bizkaiko Ahaldun Nagusia bera izanez gero, gobernantza eredu berri bat ekarriko duela azaldu du. "Jendea haserre dago politikarekin, uste du ez dituela herritarren arazoak konpontzen, eta hori arriskutsua da. Indibidualismoa gora doa, eta baita arriskutsuagoak diren jarrerak. Eredu ekonomiko sendo bat eta abangoardiako politika sozialak behar ditugu. Durangaldean ematen ari den aldaketa Bizkaia osora zabaldu behar dugu", esan du.

Julene Lazkano alkategaia buru duen zerrenda babesteko, Durangaldeko EH Bilduren alkategai ugari hurbildu dira ekitaldira, baita, besteak beste, Jasone Agirre legebiltzarkidea ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!