Labur bilduta, Aldundiak, ezgaitasun maila ezberdina duten pertsonei egunez artatze zerbitzua ematen dien egoitzari deitzen diogu Eguneko Zentroa. Egoitza horretan ematen dute eguna, osoko zaintza dutelarik. Elorrion Eguneko Zentroa irekitzearen aldeko sinadurak biltzeari ekin genion, premia hori zuten pertsonen inguruan zelanbait bultzatuta. 1.155 bildu ondoren udalari aurkeztu genion arazoa, mozio bitartez. Udalean, Eguneko Zentroa eraikitzea erabaki zen EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
Horren ondorioz, alkatetzaren gestioen bidez, batzar bat izatea lortu genuen Aldundiko arduradunarekin, Murillo jaunarekin. Batzar horretatik estudio bat egin behar zela atera zen, Elorrion Eguneko Zentroa premiazkoa ote zen aurreikusteko.
Azterketa eginda dago eta emaitza ezin argiagoa da.
Elorrion biztanleen adinari lotutako datu batzuk: 60 urtetik gorako 2.345 biztanle, 70 urtetik gorako 1.352 biztanle, 80 urtetik gorako 785 eta 90 urtetik gorako 140. Ezgaitasun maila II eta III dutenak 128 dira.
Bizkaian 25 udalerri dira 65 urtetik gorako 1.700 biztanle baino gehiago dutenak eta bi bakarrak Eguneko Zentrorik gabe, Elorrio (1.715 pertsona) eta Sopela (2.209 pertsona). Datuak argiak baino argiagoak dira Eguneko Zentroaren premia baieztatzean.
Azkenik, esan beharra dago estudioa C:P.S enpresak egina dela eta Aldundiak ez diola inolako daturik ez laguntzarik eskaini hori aurrera eramateko. Mankomunitateko laguntza eta atez atekoa izan da azterketa egiteko modua.
Horregatik, Elorrioko Pentsiodunen Mugimenduak, herriko beste agenteekin batera, Aldundiari Eguneko Zentroa nahitaez eraikitzea eskatuko dio, udalak eskura baititu horretarako beharrezkoak diren tokiak.