Elkarrekin Podemosek Elorriotik abiatu du 'Bizkaia Martxan' ibilbidea

Anboto 2023ko ots. 21a, 16:39

Eneritz De Madariaga izango da koalizio morearen hautagaia Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko. Atzo Elorrioko Energia Berriztagarrien Kolektiboko kideekin eta Elorrioko Elkarrekin Podemos taldeko Joseba Andoni Fernández hautagaiarekin batu zen.

Datozen udal eta foru hauteskundeei begira, Elkarrekin Podemosek "fronte komun bat" osatu gura du herritarrekin eta gizarte zibilarekin. Eneritz De Madariaga Foru Aldundirako hautagaiak Elorriotik hasi du Bizkaia Martxan bira, herrietako eta eskualdeetako "premia larrienak bertatik bertara" ezagutzeko. Besteak beste, osasun eta garraio arloko zerbitzu publikoen "desegitea geldiarazi" gura du koalizioak. Hori dela eta, De Madariagak pertsona guztiek osasun publikoa eta doakoa izatea "bermatu" gura du, "auzoa edo jaio zinen familia kontuan hartu gabe". Bestalde, hautagaiak "pertsonengan oinarritutako politikak" aldarrikatu ditu, "kolektiboa nortasunaren ikur" izaten jarraitzeko

Elkarrekin Podemosen Bizkaia Martxan ibilbideak beste hainbat saio izango ditu aurrerantzean. Hilaren 24an Berrizen egongo dira. Martxoaren 1ean, Abadiñon. Durangon itxiera ekitaldia egingo dute martxoaren 2an. Bertan, Amankomunatutako zerbitzu publikoen "desegiteari buruz" eztabaidatuko dutela aurreratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!