Otsail bukaeran inauguratuko dute Haur Hezkuntzako bigarren zikloko (3-4-5 urte) umeentzako eraikina, hainbat hilabetez lanak egiten jardun ostean. Ia erabat bertako egurrez eta material natural eta ekologikoekin eraikitako geletan eguzkiaren argia leiho handi eta ugarietatik sartzen da eta energia kontsumoa minimoa da, bai argiztapenean bai berokuntzan, konfort termiko handia mantenduz.
Prozesu luze baten emaitza izan da eraikin berri hau. Hainbat urtez arkitekto talde bat Ikastolako irakasle, langile eta gurasoekin batera hezkuntzara begirako premiak eta espazio ezberdinen aukerak aztertzen aritu da.
NONDIK arkitektoak: “Pedagogia aktiboa eta honi lotutako zirkulazio autonomoa bezalako irizpideak jarraituta egin dugu diseinu guztia, arkitektura pedagogiaren zerbitzura ipinita.”
Umeek jolastoki berria ere estreinatuko dute eraikinarekin batera. Jolastoki berrian harea, egurra, hartxintxarra, belarra, zuhaitzak eta halako material naturalak izango dira nagusi.
Apustu handia egin du Ikastolak eraikin honekin. Hirurehun urtetik gora dituen eraikin nagusian bestelako espazioak behar dituztela-eta Haur Hezkuntzako umeentzat beren-beregi egindako eraikina aurrerapauso handitzat jotzen du Nora Aizpitarte Ikastolako lehendakariak.
NORA AIZPITARTE: Hezkuntza arloan kalitatea helburu izanik ezinbestekoa ikusten genuen honelako proiektu bati ekitea. Oso pozik gaude emaitzarekin eta umeek berehala nabarituko dute hoberako aldaketa.

HALIMA
“Elorriora etorri ginenean oso ondo hitz egin ziguten Ikastolari buruz. Harrezkero seme-alabak bertan daude eta oso pozik joaten dira egunero Ikastolara.”
MARIBEL ETA ESTI
“Ikastolan, Herri Onurako Kooperatiba izanda, guztiok dugu zeresana eta zeregina. Guztion ahotsak du garrantzia eta familia guztien artean hartzen ditugu erabakiak.”
BEÑAT ETA JOSU
“Gure semeak Abadiñotik DBH egitera bidali genituen Txintxirri Ikastolara eta, hasieran apur bat kosta bazitzaien ere, orain oso gustura daude. Berehala egin dituzte lagunak eta asko eskertzen dute eskola orduez kanpo “ikaslagun” indartze saioetara joan ahal izatea.”
ANEPE
“Ikastolan egin nituen urte guztien oso oroitzapen onak ditut. Uste dut 16 urte egin arte han ikasi eta bizi izandakoak asko lagundu didala gerora dantza munduan egindako ikasketak burutzeko eta ondorengo ibilbide profesionalerako.“
