Uda baino lehen zuntz optikoa Elorrioko alde zaharrean egongo dela iragarri du udalak

Anboto 2023ko urt. 3a, 12:21

Martxoan hasiko dira herriko hirigune historikoan zuntz optikoa instalatzen.

Alde Zaharreko Plan Bereziarekin bateragarria den proposamen bat landu du Elorriko Udalak Afronta Taldearekin batera, eta horrela, inguru horretan bizi diren elorriarrei zuntz optikoa izateko aukera emango diete. Idoia Buruaga alkateak eta Joseba Andoni García Losada, Afronta Taldeko komunikazio arduradunak, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak eskaini dituzte gaur, Iturri Kultur Etxean eskainitako prentsaurrekoan.

Zerbitzua ezartzeko beharrezkoak diren lanak martxoan hastea aurreikusi dute,eta aurreikuspenak betetzen badira, bi hilabetetan amaituko da prozesua. Hau da, ekainerako instalatuta egongo da zuntz optikoa Elorrioko alde zaharrean. Alde zaharraz gain, herri guztira zabalduko da zuntz optikoaren instalazioa. Hirigune historikoa babesteko, argiteria publikoaren azpiegituraren erabileran oinarritutako sistema bat diseinatu dute Elorrioko Udaleko hirigintza sailaren eta Eguzki Telekom talde teknikoaren artean. Halaber, Eguzki Telekom enpresaren merkaturatzailea Elorrioko enpresa bat izango da. Afronta taldeko Joseba Andoni García Losadak, azaldu duenez, aplikatuko den teknologia XGPON da: “Merkatuan dagoen aurreratuena da eta 10GBeko konexioa ahalbidetzen du”. Gaur egun, konexio gehienak 1GBekoak badira ere, etorkizuneko beharrei erantzuteko gai izango den instalazioa egitea izan dela helburua azaldu dute prentsaurrekoan.

Elorrioko Udalak gogoratu duenez, urteak daramatzate elorriar guztiek zuntz optikoa izan dezaten lanean, baina orain artean, telekomunikazio-konpainia handiek instalazioa egiteari uko egin diote. “Udala aitzakitzat jarri dute beraien borondate falta agerian geratu ez dadin. Elorrioko Udaletik ez dugu etsi, eta alternatibak bilatu nahi izan ditugu kosta ala kosta”, esan du Idoia Buruaga alkateak, Afronta Taldearekin lortutako lankidetzarekin pozik.

Halaber, Internet, telefonia mugikorra eta telebista alde batera utzita, Eguzki Telekomeko bezeroek gaur egun telekomunikazioen sektoreari lotuta ez dauden beste produktu mota batzuk erosteko aukera izango dute, hala nola: etxeko alarmak, mendeko pertsonen zaintza, eraginkortasun energetikoa kontrolatzeko sistemak eta soluzio domotiko batzuk.

EAJren eskaera
Elorrioko EAJk alde zaharreko auzokideekin batzar informatibo bat egitea eskatu dio udalari. "Beraien etxeetan zuntz optikoa noiz eta zein preziotan izango duten azaldu diezaietela auzokideei", diote jeltzaleek. Era berean, udalean batzorde informatibo bat egiteko eskatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!