[GUTUNA]: "Bizkaiko egoitzak negozio pribatu"

Anboto 2022ko abe. 12a, 13:37

Esther Lopez Angulok, Elorrioko Egoitzako Langileak idatzitako gutuna. 

Zahartze demografikoa gizarte gisa esku artean daukagun desafio gogorrena izan liteke, eta zalantza barik arreta-eredua eraldatzea eta konpromiso etiko eta moralez jokatzea eskatzen du horrek.

Gurea izan zitekeen hemengo eredua. Pertsonan zentratutako osasun arretarantz, Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzetan bizikidetza unitateak martxan jarri eta erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitutako kalitatezko egoitza-arreta bermatuta. Gurea izan zitekeen, eredu aldaketarako bidean negozioa egiteko aukera ikusi izan ez bazenute.

Zehazki gurean, Elorrioko egoitzan, 18 egoitza-plaza publiko desagertuko dira, baita gaueko erizaintza zerbitzua eta bina zerbitzari eta atezain-plaza ere. Eta kontratazio pribatua atezaintzako gaueko txandan. Aldaketok lan karga handituko diete erizain-laguntzaileei; erabiltzaile eta familien erreferente nagusi izango dira, baina, aldiz, gaueko txanda finkoak aplikatuko zaizkie, gauez erreferenterik beharko ez balute bezala. Ez dakizue zuek zelako babesa eta esku ezagunak bilatzen dituzten gauetan. Benetan uste duzue bidezkoa dela hori?

Eta hau ez da kasualitatea, hartu duzuen bidearen adibide bat gehiago da. Sare publikoa kudeatzen ari zarete harekin negozioa egin nahian, tratu eskuzabala emanaz sektore pribatuari. Zerbitzu publikoak indartzeko jasotako aurrekontuak lankidetza publiko-pribatura bideratzen ari zarete korporazio handien mesedetan, eta gainera, osasunaren izenean.

Oraindik garaiz gabiltza. Gure adinekoek ez dute halako zigorrik merezi!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!