9.087.000 euroko aurrekontua izango du 2023an Elorriok; aurten baino %3,6 altuagoa

Anboto 2022ko aza. 26a, 07:35

Atzo arratsaldean egindako osoko bilkuran 2023ko aurrekontuak onartu zituzten EH Bilduren eta Herriaren Eskubidea/Elkarrekin Podemosen aldeko bozkegaz. EAJk aurrekontuen aurka bozkatu zuen eta osoko zuzenketa aurkeztu zuen. Hau ez zen onartu.

Elorriok 9.087.000 euroko aurrekontua izango du 2023an, aurtengoa baino %3,6 handiagoa. Idoia Buruaga alkateak azaldu zuenez, 2023ko aurrekontuak pandemiaren aurreko proposameneta gerturatzen dira. "Pandemiak ezarri zizkigun murrizketak pasatuta, gizarteak atzean utzi ditu honek ezartzen zizkigun murrizketak eta baldintza bereziak, eta egoera hori aurrekontuetan ere islatzen da", azaldu zuen alkateak.

Gainera, aurreko bi urteetan lez, arlo sozialaren aldeko apustu handia egin dela jakitera eman zuen. "Gizarte-politikek, berdintasun-politikek, adinekoei zuzendutako proiektuek, hezkuntzak, kulturak edota euskerak aurrekontuetan duten pisua azpimarratzekoa da".

Horrez gain, aurrekontuak proiektu txiki eta handiez osatutakoak direla esan zuen, "herrian dauden beharrizanei erantzuteko asmoz".

2023ko proiektuei dagokienez, Haurreskolako proiektua eta HAPOaren berrikuspena egitea izango dira proiektu nagusietako batzuk. Baita, Motorra edo 3.2 eremuko proiektua abiatzea, Urkizuaran kaleko urbanizazioa eta San Pio eta Buzkantz kaleen urbanizazioa ere. Horrez gain, San Josen agertu diren lurzoru kutsatuak ere kudeatuko dituztela jakitera eman zuten, besteak beste.

Herriaren Eskubidea/Elkarrekin Podemoseko kideak "pozik" agertu ziren aurrekontuagaz, eta EH Bildurekin akordio bat lortu zutela jakitera eman zuten. "Aurrekontuetan gure eskaerak jasotzen dira eta aurrekontuak onartzen ditugu. Hala ere, uste dugu hemen adosten ditugun gaietako batzuk azkarrago konpondu beharko liratekeela", azaldu dute prentsa ohar bidez alderdi moreko kideek.

EAJk, berriz, aurrekontuen kontra bozkatu zuen eta kritiko agertu zen gobernu taldearen proposamenagaz. "Aurrekontu hauek ez diote onurarik ekarriko herriari eta Elorriok etorkizunerako dituen erronka nagusiak ez dira hemen ageri", azaldu zuen Mikel Arruabarrena jeltzaleen bozeramaileak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!