Euskaraldiari hasiera emateko ekimen berezia egingo dute gaur, azaroak 17, 19:00etan Elorrioko plazan. Ariketa sozialean izena eman duten herritar guztiek batera jarriko dituzte ahobizi eta belarriprest txapak.
Euskaralditik jakitera eman dute, ekintza honen helburua euskaltzaleen komunitatea batzea, euskarari duen presentzia ematea eta jai giroan euskaraz jardutea. "Plazan konturatuko gara asko garela Euskaraldian izena eman dugun herritarrak, eta denak beharrezkoak garela herrian euskaraz jardun ahal izateko. Euskara ez da gutxi batzuen kontua, eta zenbat eta gehiago batu, orduan eta politiagoa eta indartsuagoa izango da ekimena", diote Euskaraldiko kideek.